Kultura-jarduerak (-% 49,7) eta Ikus-entzunezko jarduerak, zinema, irratia eta telebista (-% 27,9) izan dira negozio-zifran COVID-19aren eraginik handiena jasan dutenak

2020an (hau da, COVID-19aren pandemia hasi zen eta jarduera ekonomikoan neurririk murriztaileenak aplikatu ziren urtean), Askotariko Zerbitzuen sektoreko establezimenduen negozio-zifra 7.730 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurreko urtean baino % 11,8 txikiagoa, Eustatek landutako datuen arabera.

Establezimenduen kopuruak, aldiz, gora egin zuen zertxobait (% 2), eta 23.537 establezimendura iritsi zen. Langileen kopuruak, bestalde, % 1,5eko igoera izan zuen, eta 81.370 pertsonak jardun zuten sektore horretan (2020. urteko Euskal AEko ekonomiako langile guztien % 8,5).

Askotariko Zerbitzuetako establezimenduek sortutako balio erantsia 4.087 milioi eurora iritsi zen, eta, beraz, % 7,9 beherakada izan zuen.

Garraioari lotutako jarduerak eta Informatika portaera guztiz positiboa agertu zuten adar bakarrak izan ziren, eta gorakada aipagarriak izan zituzten enpleguan eta salmentetan

Askotariko Zerbitzuen barruan, oso jarduera multzo heterogeneoa biltzen da. Salmenta-bolumenari dagokionez duten garrantziagatik, Garraioari lotutako jarduerak eta Informatika nabarmentzen dira. Lehenak 2.932 milioi euro fakturatu zituen (sektore horretako guztizkoaren % 37,9), eta bigarrenak, berriz, 1.446 milioi euro (% 18,7). Bien artean, guztizko negozio-zifraren % 56,6 bildu zuten, baina Askotariko Zerbitzuen sektoreko enpleguaren % 33,8ra eta establezimendu-bolumenaren % 13,5era baino ez ziren iritsi.

2020an, Garraioari lotutako jardueretan 11.704 pertsonak jardun zuten 1.063 establezimendutan, eta Informatikan, berriz, 15.791 pertsonak jardun zuten 2.118 establezimendutan. Bi dibisio horiek, gainera, 2019ko salmenta-zifrari eutsi dioten (eta zifra horiek zertxobait hobetu dituzten) bakarrak izan dira (% 0,8ko igoera izan dute biek). Horrez gain, Garraioari lotutako jardueretan, enpleguak % 7,3ko igoera izan du, eta Informatikan, berriz, % 3,3ko igoera. Halaber, gora egin du establezimenduen kopuruak (% 0,7 eta % 2,5, hurrenez hurren).

Haien atzetik, eta negozio-zifrari dagokionez, baina urruti samar, Kirol- eta aisialdi-jarduerak dibisioa kokatu da. Dibisio horretan, 701 milioi euro fakturatu ziren 2020an, eta 10.335 pertsonak jardun zuten 1.709 establezimendutan. 2019. urtearekin alderatuta, salmentek % 16,1eko beherakada izan zuten, eta dibisioak eutsi egin zion enpleguari (-% 0,3) eta establezimendu kopuruari (+% 0,5).

Higiezinen jarduera, positiboa

Higiezinen jarduerak dibisioak aurrekoaren antzeko portaera izan du negozio-zifrari dagokionez, 629,5 milioi eurorekin, baina desberdina enpleguari dagokionez (5.229 pertsona, hau da, erdiak gutxi gorabehera) eta establezimenduei dagokienez (3.092). 2020. urtean, negozio-zifrak % 8,2ko beherakada izan du, eta enpleguak eta establezimenduen kopuruak, berriz, gora egin dute (% 3,1 eta % 4,6, hurrenez hurren).

Dibisio horren atzetik, Kultura-jarduerak kokatu dira. Zalantzarik gabe, jarduera hauek izan dute beherakadarik handiena sektorean. Izan ere, fakturazioa % 49,7 txikiagoa izan da. 2019an, 1.069 milioi euro fakturatu ziren, eta 2020an, berriz, 538 milioi euro, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileen ondorioz. Hala ere, eragina oso txikia izan da enpleguan (-% 0,9).

Beste zerbitzu pertsonal batzuk epigrafearen barruan, askotariko jarduerak biltzen dira, hala nola Ile-apainketa eta beste edergintza-tratamendu batzuk, Jantzien ikuzketa eta garbiketa eta Mantentze fisikorako jarduerak. Kultura-jardueren antzera, jarduera horiek ere beherakada handia izan dute negozio-zifran (-% 27,1), eta fakturazioa 393 milioi eurotan geratu da. Enpleguak beherakada txikia izan du (-% 1,2), eta establezimenduen kopuruak, berriz, % 3,1eko igoera.

Era berean, Finantza-zerbitzuen jarduera osagarriek portaera negatiboa izan dute fakturazioan, baina beherakada % 6,3koa baino ez da izan. Horrez gain, enpleguak % 1,9ko beherakada izan du, eta establezimenduen kopuruak % 2,0koa.

Gainerako jarduerek 200 milioi eurotik beherako fakturazioa izan dute 2020an, eta beherakadak izan dituzte fakturazioan.

Haien artean, Ikus-entzunezkoak, zinema, irratia eta telebista dibisioak % 27,9ko beherakada izan du negozio-zifran. Hala ere, enpleguak % 0,6ko igoera izan du, eta establezimenduen kopuruak % 0,5ekoa. Bestalde, Argitalpenak dibisioak % 17,6ko beherakada izan du fakturazioan, % 6,2koa enpleguan eta % 4,8koa establezimenduen kopuruan. Era berean, Posta-zerbitzuek % 25,9eko beherakada izan dute fakturazioan. Hala ere, langileen kopuruak % 5,2ko igoera izan du, eta establezimenduenak, berriz, % 10,1ekoa. Azkenik, Ordenagailuen eta beste artikulu batzuen konponketak % 4ko beherakada izan du negozio-zifran, % 1,6koa langileen kopuruan eta % 2,9koa establezimenduen kopuruan.

Lurraldearen araberako analisia

Askotariko Zerbitzuen sektoreko enpleguak gora egin du Bizkaian (% 2,3) eta Araban (% 1,9), eta ia berdin jarraitu du Gipuzkoan (-% 0,2)

Lurralde-banaketari dagokionez, eta establezimenduen kopurua kontuan hartuta, establezimenduen erdiak baino gehiago (12.857) Bizkaian daude, 7.710 Gipuzkoan eta 3.000 Araban. Zifra erlatiboetan, % 54,5, % 32,8 eta % 12,7 dira, hurrenez hurren.

Hiru lurraldeetan, ikuspuntu kuantitatibotik, jarduera nagusia Beste zerbitzu pertsonal batzuk izan da. Jarduera horretan, 3.746 establezimendu zeuden Bizkaian (lurraldeko establezimenduen % 29,2), 2.340 Gipuzkoan (% 30,4) eta 873 Araban (% 29,1).

Jarduera guztiak kontuan hartuta, hiru lurraldeetan gora egin du establezimenduen kopuruak 2019. urtearekin alderatuta (% 3ko igoera Araban, % 2,4koa Gipuzkoan, eta % 1,6koa Bizkaian).

Enpleguaren kasuan, gure Autonomia Erkidegoko Askotariko zerbitzuen sektoreko enplegu guztien lurralde-banaketa honako hau izan da 2020an: % 56,5 Bizkaian, % 29,1 Gipuzkoan eta % 14,4 Araban. Horrela, beraz, 45.976 langile zeuden Bizkaian sektore horretan, 23.674 Gipuzkoan eta 11.720 Araban.

Lurralde bakoitzeko jarduerarik esanguratsuenak honako hauek izan dira: Informatika Bizkaian (% 22,8), Beste zerbitzu pertsonal batzuk Gipuzkoan (% 19,3) eta Garraioari lotutako jarduerak Araban (% 19,3). Enplegu-bolumenari dagokionez, honako jarduera hauek ere azpimarra daitezke: Informatika Araban (% 17,3), Beste zerbitzu pertsonal batzuk Bizkaian (% 16,6) eta Kirol- eta aisialdi-jarduerak Gipuzkoan (% 14,8).

Informazioa eskaintzen duen azken urtean, enpleguaren bilakaera positiboa izan da Bizkaian (% 2,3ko igoera) eta Araban (% 1,9ko igoera). Gipuzkoak, berriz, % 0,2ko beherakada txikia izan du.

Bestalde, negozio-zifraren bilakaera desberdina izan da enpleguaren eta establezimenduen bilakaerarekin alderatuta. Izan ere, negatiboa izan da hiru lurraldeetan, eta, bereziki, Gipuzkoan. Lurralde horretan, jarduera-sektore horren fakturazioaren beherakada laurehun milioi eurotik gorakoa izan da 2020an (hau da, 2019koa baino % 17,2 txikiagoa). Araban eta Bizkaian ere, beherakada handia izan da (-% 11,3 eta -% 9, hurrenez hurren). Beherakada horien ondorioz, salmentak honela geratu dira: 4.504 milioi euro Bizkaian, 2.140 milioi euro Gipuzkoan eta 1.086 milioi euro Araban.

Establezimenduen tamaina

Langile-gastuek ere beherakadak izan dituzte, baina ez negozio-zifraren kasuan bezain handiak. Euskal AEn, oro har, beherakada % 3,4ra iritsi da. Zehazki, Gipuzkoan % 7ra iritsi da, Araban % 3,9ra eta Bizkaian % 1,4ra.

Establezimenduen tamainaren analisiak, enplegua kontuan hartuta, informazio gehigarria ematen du.

Lehenik eta behin, mikroenpresek (hots, 10 enplegu baino gutxiagoko establezimenduek) establezimenduen % 95 eta langile guztien % 48,2 biltzen dituzte, eta sektoreko fakturazioaren % 36,5 sortzen dute.

Enpresa txikiek (10-49 enplegu dituztenek) sektoreko establezimenduen % 4,2, baina enpleguen % 24,5 biltzen dituzte, eta 2020an guztizkoaren % 30,2 fakturatu zuten. Azkenik, 50 enplegu baino gehiagoko enpresak establezimenduen % 0,7 baino ez dira, enplegu guztien % 27,3 biltzen dituzte eta guztizkoaren % 33,3 fakturatu zuten.

2019tik 2020rako bilakaera desberdina izan da 50 langile baino gehiago dituzten enpresentzat eta gainerakoentzat. Adibidez, mikroenpresen kasuan (10 pertsona baino gutxiagokoetan), establezimenduen kopuruak % 2,2ko igoera izan du, enplegu kopuruak % 0,8koa, eta fakturazioak % 19,2ko beherakada. Era berean, 10-49 langile dituzten enpresetan, establezimenduek eta enpleguek gora egin dute (% 0,8 eta % 1,4, hurrenez hurren), eta negozio-zifrak, berriz, behera (% 14). 50 enplegu eta gehiago dituzten enpresetan, ordea, establezimenduen kopuruak behera egin du % 3,9ko proportzioan, baina enplegu kopuruak % 2,8ko igoera izan du, eta fakturazioak % 0,8koa.

Egilea Andoni Beitia