Gipuzkoak produktu ziberseguruak sortzen laguntzen du

Gipuzkoako Foru Aldundiak, irailaren 30era arte, industria-produktu ziberseguruak garatzeko bigarren deialdia ireki du, 98.000 eurokoa.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak ohar batean azaldu duenez, enpresa bakoitzak 20.000 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez.

Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programaren ildo batean proiektuak aurkezteko bigarren deialdi hau produktu industrialen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzera zuzenduta dago.

“Gailu industrialak garatzen edo diseinatzen dituzten enpresentzat da, diseinutik zibersegurtasuna ezar dezaten sustatzeko eta laborategi industrialetan beren produktuen segurtasuna probatzeko aukera emateko”, azaldu du Larrañagak.

Gainera, Gipuzkoako enpresek laguntza jaso dezaketela adierazi du, “Betiere proiektuaren emaitzak zuzenean bere instalazioetan erabiltzen badira”.

Langile- eta azpikontratazio-gastuak diruz lagunduko dira, eta ETEei emango zaie lehentasuna. 50 enplegu baino gutxiagoko enpresek % 50eko portzentajea jasoko dute, 50-249 enplegukoek % 40koa eta 249 lanpostu edo gehiagokoek % 25ekoa. Laguntza 20.000 eurokoa izango da gehienez, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Produktuen eta zerbitzuen garapena

“Gero eta presentzia handiagoa duten tresna eta prozesu ugari daude (Cloud computing, Big data, Gauzen Internet), gure industria-enpresen barne-balioa ekoizteko eta egituratzeko moduaren konektibitate-maila handitzen ari direnak”, azaldu du foru diputatuak.

Ildo horretan, laguntza-ildo horrek “produktuen eta zerbitzuen garapenaren hasierako fasetik segurtasun teknikoko eta antolaketako neurrietan sakontzen jarraitzea” du helburu. “Hainbat enpresak interesa helarazi digute, eta hortik dator bigarren deialdi hau”, adierazi du.

Gainera, ildo hori deialdi baten eta beste bi deialdiren parte dela adierazi du, eta Aldundiak aurten guztira 400.000 euro bideratuko dituela horretara.

Iaz, Aldundiak Herrekor, Laulagun, Alcad, Iditek, Egile, DanobatGroup, Goiko, Efiner, Cutting Tools, Euchner edo Titanium enpresen 28 proiektu babestu zituen programa honekin. 2018an abian jarritako programaren bosgarren edizioa da, eta oinarrien diseinua Ziur Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritzarekin eta talde profesionalarekin izandako lankidetzaren emaitza da.