Txikizkako salmentak % 4,2 hazi dira Euskadin

Eustatek landutako datuen arabera, 2022ko bigarren hiruhilekoan, % 4,2 igo dira Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektorearen salmentak, egutegiaren ondorioak atera ondoren eta prezio konstanteetan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean. Sektoreko salmentak, gasolina-zerbitzuguneak kontuan hartu gabe, % 4,8 igo dira 2021eko bigarren hiruhilekoaren aldean.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta urtaro-ondorioak kenduta, 2022ko bigarren hiruhilekoko salmenta-indizea % 0,8 igo da.

Sektoreka, 2021eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, prezio konstanteetako salmentak % 8,3 igo dira Gainerako produktuetan, elikagaiak kenduta, 2022ko bigarren hiruhilekoan. Era berean, neurri txikiagoan bada ere, Elikagaien salmentek % 0,9ko emaitza positiboak izan dituzte. Automoziorako erregaiaren sektorean, berriz, salmentak % 1,7 jaitsi dira.

2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, urtaro-eraginik gabeko terminoetan eta prezio konstanteetan, Elikagaien eta Gainerako produktuen salmentak % 0,2 eta % 0,9 igo dira, hurrenez hurren. Automoziorako erregaiaren salmentak, aldiz, % 0,1 jaitsi dira.

Elikagaien txikizkako merkataritzaren barruan, Elikagaietan, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritza (hala nola fruta-dendak, harategiak, arrandegiak, etab.) % 3,1 igo da 2021eko bigarren hiruhilekoaren aldean. Aitzitik, Elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi diren espezializatu gabeko txikizkako merkataritza (batez ere supermerkatuak eta hipermerkatuak) % 0,1 murriztu da.

Bilakaera ez homogeneoa

Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan, 2022ko bigarren hiruhilekoko salmenten bilakaera ez da homogeneoa izan aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Hala, Pertsonen ekipamenduan espezializatutako txikizkako merkataritza (besteak beste, arropa, oinetakoak, kosmetikako edo higieneko produktuak) % 20,3 igo da, eta Etxeko ekipamenduetan espezializatutakoa (etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio-ekipamenduak) % 6,1. Aitzitik, Beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatuan (kirol-artikuluak, jokoak edo jostailuak) eta Gainerako produktuak nagusi diren ez-espezializatuan (korrespondentzia edo Internet) sartutako produktuen salmentak % 0,8 eta % 4,6 jaitsi dira, hurrenez hurren.

Lurraldeen arabera, 2022ko bigarren hiruhilekoko salmenten indizeak urte arteko % 5,0ko igoera izan du Gipuzkoan, % 4,5ekoa Bizkaian eta % 1,8koa Araban. Hiruhileko arteko terminoetan, halaber, salmenten bilakaera positiboa izan da lurralde guztietan: Bizkaian % 1,0 hazi da, Gipuzkoan % 0,7 eta Araban % 0,6.

Euskal AE osoan, 2022ko bigarren hiruhilekoan, txikizkako merkataritzaren sektorean landunen kopurua % 0,9 igo da, aurreko urteko bigarren hiruhilekoaren aldean. 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,1 jaitsi da.