1,29 milioiko laguntza hondakinen kudeaketarako Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak 36 udalen eta mankomunitateren artean banatu ditu 1.299.599 euroko laguntzak, lurraldeko hondakinen kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra sustatzea helburu duten proiektuak finantzatzeko. Proiektu horiek eragina izango dute Bizkaiko biztanleen % 67,11ren egunerokoan, Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Diru-laguntza gehienak prebentzio- eta ingurumen-hezkuntzako kanpainak garatzeko (498.412 euro) eta hondakinak kudeatzeko baliabideetan inbertitzeko erabili dira, hala nola sorgailu handietarako edukiontziak eta kuboak, etxeko poltsak, autokonpostagailuak, birringailuak eta komunitateko konpostagailuak erosteko, bai eta organikoa biltzeko giltzak, sarrailak edo etxeko kuboak erosteko ere (497.319 euro).

Hondakinak biltzeko ibilgailuak erostea da zenbatekorik handiena duen hirugarren kontzeptua, zehazki, 118.985 euro. Beste 72.248 euro erabili dira udal-erakundeek aholkularitza jaso dezaten ordenantzen garapenari buruz, edukiontzien banaketa optimizatzeari eta ibilbideen plangintzari buruz edo komunitateko konpostaje-prozesuei buruz.

Hondakinen digitalizazioari eta kontabilizazioari dagokienez, 57.248 euro erabili dira edukiontziak betetzeko eta pisatzeko telekontroleko proiektuetarako, erabiltzaileak ezagutzeko sistema informatikoetarako eta hondakinak denbora errealean kontrolatzeko sistemetarako. Gainera, 55.318 euro jaso dira bilketa espezifikoetarako laguntzetan, hala nola inausketetarako eta lorezaintzako hondakinetarako edo legez kanpoko isurketen prebentziorako.

Amaia Antxustegi Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak azaldu duenez, laguntza-lerro hau edukiontzia instalatzeko diru-laguntzen programaren bilakaera da. Programa hori aldatu egin da atal gehiago jasotzeko, eta zati organikoaren bilketa finkatzea baino helburu zabalagoak ditu.