Turismoari lotutako jarduerek 391.343 landun gehiago izan zituzten apiriletik ekainera bitartean, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, hau da, Espainiako ekonomia osoan sortutako enpleguaren erdia (776.000); beraz, turismoan aktibo zeuden langileak 2,95 milioi izan ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 13,8 gehiago, Turespañak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera.

Langabezia-tasari dagokionez, turismoarekin lotutako jarduerek elkarren segidako bost hiruhilekotan urte arteko jaitsierak izan dituzte, % 8ko tasarekin, 2019ko aldi berean baino zifra txikiagoarekin ( % 11), eta ekonomia nazionalean baino 4,5 puntu gutxiagorekin ( % 12,5).

Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak azaldu duenez, “Lan-merkatuak erakusten digu turismoaren sektorea sendotasunez suspertzen ari dela, ekonomia eta lan-merkatu nazionala bultzatzen baititu”.
Jarduera guztien gehikuntza

Hazkundea soldatakoen ( % 19,1), autonomoen ( % 7,9) eta turismo-jarduera guztien artean gertatu zen. Ostalaritzan % 18,5 gehitu ziren, bai janari- eta edari-zerbitzuen ( % 9,5), bai ostatu-zerbitzuen ( % 54,4) bilakaera positiboaren ondorioz. Bidaia-agentzietan, aldaketa % 12,6koa izan zen, eta bidaiarien garraioan, berriz, % 7,4koa.

Kontratu mugagabea duten turismo-sektoreko soldatapekoak % 19,5 igo ziren urte batetik bestera, hau da, laugarren igoera jarraian. Aldi baterako kontratua zuten soldatapekoek, berriz, % 18,1eko igoera izan zuten. Alde horretatik, turismoaren sektoreko behin-behinekotasun-tasa % 26,4koa izan zen.
Autonomia-erkidegoen araberako okupazioa

Turismoan okupatutakoen kopurua ia autonomia-erkidego guztietan hazi zen, Errioxan, Ceutan eta Melillan, Asturiasen eta Extremaduran izan ezik.

Turista gehien izan zituzten sei autonomia-erkidegoak (Katalunia, Andaluzia, Madril, Kanariak, Balearrak eta Valentziako Erkidegoa) izan ziren, aldi berean, sektorean landun gehien sortu zituztenak, sektorean okupatutako guztien % 74,5 izan baitziren.

Turismo-jarduerekin lotutako langabeei dagokienez, urteko bigarren hiruhilekoan 235.473 langabe zeuden. Langabeziak behera egin zuen jarduera-adar guztietan (ostatu-zerbitzuak, janari- eta edari-zerbitzuak eta beste turismo-jarduera batzuk) 2019arekin alderatuta.

Egilea Andoni Beitia