Nafarroako Gobernuak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio-koderik gabe iragartzen diren apartamentu turistikoen identifikazio-datuak eskatu dizkie Airbnb eta Booking plataformei. Gobernuak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, Nafarroako Turismoari buruzko Foru Legeak, 2020an egindako aldaketaren ondoren, turismo-plataformen betebehar gisa ezartzen du Administrazioari jakinaraztea, nahitaezko errekerimenduaren ondoren, turismo-establezimenduak eta/edo -jarduerak erregistroaren inskripzio-kodea jaso gabe merkaturatzen eta/edo argitaratzen dituzten turismo-enpresen titulartasunari eta helbideari buruzko datuak.

Era berean, beren informazio-, merkaturatze- eta/edo publizitate-kanaletan emandako publizitatea eta informazioa kendu behar dute, inskripzio-kode hori jasota ez duten eta ezkutuko jarduera diren enpresa, zerbitzu edo jardueretatik. Hori betetzen ez bada, dagokion zehapen-prozedura ireki ahal izango da. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak egindako lehen kontrol-fase honetan, egiaztatu da Airbnb plataforman “Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio-kodea jaso gabe” alokairu osoko 54 apartamentu turistiko iragartzen direla Iruñean, eta 16 bookingean. Bestalde, 13 zehapen-espediente ireki zaizkie Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta ez zeuden Iruñeko apartamentu turistikoen titularrei. Arau-hauste hori 9.000 eurorainoko isunekin zeha daiteke kasu larrietan eta, berrerortzeagatik oso larritzat hartzen bada, 75.000 eurorainoko isunekin. Jarduera horiek Turismoa Ikuskatzeko 2022-2023 Planaren helburuen barruan sartzen dira, “Kalitatezko eskaintza lortzeko eta turismo-jardueren eskaintza klandestinoa saihesteko”.

FREETOURS

Nafarroan “azkenaldian ikuskatzen ari den” eskaintza turistikoarekin lotutako beste alderdi bat “ustez doakoak” diren bisita-eskaintzak dira, Freetours izenekoak. Jarduera horren aurrean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak gogorarazten du zerbitzu horiek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu behar direla eta gainerako arau-betebeharrak bete behar direla. Nahiz eta gida turistikoaren lanbideak “ez duen araudi espezifikorik” Nafarroan eta ez dagoen berariazko karnet edo gaikuntzarik, jarduera “behar bezala araututa” dago, eta zerbitzu horiek eskaintzen dituen pertsonak bere turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresa erregistratu beharko du Nafarroako Turismo Erregistroan, eta haren erregistro-zenbakia argitaratu.

NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROA EGUNERATZEA

Nafarroako Turismo Erregistroa turismo-jarduerak kontrolatzeko tresna bat da, eta, horretarako, informazioak “fidagarria izan behar du, eta etengabe eguneratu behar da”. Hori dela eta, baja eman zaie ofizioz Jarduera Ekonomikoen Erregistroan (JEZ) alta emanda ez dauden 200 establezimendu ingururi 2021 eta 2022 bitartean, aldi horretan bertan izandako bajen % 55.

Egilea Admin