Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan hainbat kanpaina bultzatuko ditu gizartea kontzientziatzeko “eguneroko bizitzan aldaketak” egiteko beharraz, energiaren kontsumoa murrizteko eta baliabide naturalak hobeto aprobetxatzeko. Horrela, berogailuaren, aire girotuaren eta argiztapenaren erabilera murrizteko eta ibilgailu pribatuaren erabilera “birpentsatzeko” gonbidapena egingo da.

Kanpainak informazio- eta dibulgazio-izaerakoak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsiziorako Idazkaritza Nagusiak eta 2030 Agendak bultzatuko dituzte.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialerako eta 2030erako Agendarako idazkari nagusiak azpimarratu du garrantzitsua dela “energia aurreztearen pedagogia aktiboa egitea, jasangarritasunarekiko konpromiso zibiko eta zehatz gisa”.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, kanpainek “eguneroko bizitzan aldaketak” egiteko beharra azpimarratuko dute, energiaren kontsumoa murrizteko eta baliabide naturalak hobeto aprobetxatzeko.

Aldaketa-proposamen horiek bat etorriko dira Europar Batasunean, Estatuan edo euskal erakundeen esparruan hartutako irizpide eta jarraibideekin.

Besteak beste, “Ibilgailu pribatuaren erabilera birpentsatzera eta garraio publikoa sustatzera gonbidatuko da”. Halaber, aire girotuaren, berokuntzaren, ur beroaren, energia elektrikoaren eta etxetresna elektrikoen kontsumoak murriztea eta “eraginkorragoak egitea” gomendatuko da.

Era berean, kontsumoari dagokionez, “Erantzukizunari, eraginkortasunari, hurbiltasunari, berrerabilpenari eta birziklapenari buruzko irizpideak” aplikatzea aholkatuko da.

Kanpainek ‘2030 Agenda’ eta ‘Garapen Iraunkorreko Helburuak’ “beharrizan eta aukeratzat” hartzea azpimarratuko dute. Gainera, energia aurrezteko “gonbidapen” hori pertsona guztien eskura dagoen aukera gisa planteatuko dute, giza garapen jasangarria lortzen laguntzeko.

Mundu eta bizitza iraunkorrak

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, krisi klimatikoaren, covid pandemiaren eta Errusiak Ukraina inbaditu izanak eragindako ezegonkortasunaren testuinguruan, “Energia- eta klima-trantsizioa ezinbesteko premia izatetik erabateko lehentasuna izatera igaro da”.

Horrela, “mundu eta bizitza iraunkor baterako pentsamolde eta kontzientzia zibikoa eta solidarioa, une honetan, orainaren eta etorkizunaren giltzarri” direla ziurtatu du.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsiziorako Idazkaritza Nagusiak eta Agenda 2030ek azpimarratu dute “energia aurrezteko eta gure eskura dagoen edozein baliabide arduraz eta eraginkortasunez erabiltzeko kontzientzia globala, tokikoa, familiakoa eta pertsonala izatea funtsezko ekarpena dela iraunkortasunaren iraultza honetan laguntzeko”.

“Energia aurreztea ez da nahikoa; baina ezinbestekoa da. Beharrezkoa da, halaber, ekonomiaren deskarbonizazioan eta energia berriztagarrietarako trantsizioan aurrera egitea “, gaineratu du.

Ildo beretik, ohartarazi duenez, “Pandemiak mundu osoan eta pertsona guztiei aldi berean osasun-arrisku larriko bizipen kritiko eta globala eragin zien bezala, une honetan mundu guztia eta pertsona guztiak deituta gaude aldaketa kultural bat bultzatzera energiaren erabilerarekin, gure bizimoduekin eta jasangarritasunarekin dugun harremanean”.

Egilea Andoni Beitia