Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Kontingentzia Energetikoaren Planaren lehen zirriborroa bidaliko die ostiral honetan Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioei, bai eta euskal erakunde, industria-kluster, Confebask eta merkataritza-ganberei ere. Abuztuaren 25era arte egongo da ekarpenak egiteko aukera.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Mikel Amundarain Industriako sailburuordeak dokumentua jendaurrean aurkeztuko dute bihar, 11: 00etan, Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan.

Kontingentzia Plana Eusko Jaurlaritzako sail guztietara, Foru Aldundietara, Eudel Euskal Udalen Elkartera, Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordera, Industria Koiunturaren Behatokiko klusterretara, Confebaskera eta Merkataritza Ganberetara bidali ondoren egingo da agerraldia. Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioei ere igorriko zaie.

Energia aurrezteko neurriei buruzko Estatuko dekretua abian jartzearen harira, Tapiak gogorarazi du Euskadi aspalditik ari dela energia-kontsumoa murrizteko lanean, eta duela 40 urte baino % 50 txikiagoa izatea lortu duela ekoizpen-prozesuan eta uraren kontsumoan.

Euskadin ingurumen-kontzientzia dagoela nabarmendu ondoren, orain “pixka bat gehiago areagotzea” dagokiola azaldu du. Horretarako, Kontingentzia Planaren barruan industrian lan egin behar dela uste du, “Gas naturalaren kontsumitzaile handia baita, eta mugikortasun-eredua eraldatu behar da, energia asko kontsumitzen baitu, ibilgailu elektriko batera joateaz gain, oro har”.

Sailburuak jakinarazi duenez, Euskadiko Kontingentzia Planak erabiltzaile pribatuentzako eta industriarentzako neurriak jasoko ditu, eta inplikatuekin partekatuko dira, ekarpenak jaso eta Ministerioari bidaltzeko.

Azkenik, “Guztion” artean kontsumoa murriztu behar dela esan du, “Energia aurrezteaz gain, faktura elektrikoan aurreztuko delako, eta hori oso garrantzitsua da une honetan oso tentsionatuta dagoen ehun ekonomikoarentzat”.

Egilea Andoni Beitia