Cárnicas Iruña-k 13,5 milioi euro inbertituko ditu Irunberrin 23.000 m2-ko planta berria eraikitzeko, 50 lanpostu zuzen inguru sortzeko aurreikuspenarekin. José Mª Aierdi bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako sailburuak herri horretako industrialde berrian egiten ari diren obrak bisitatu ditu.

Nasuvinsa sozietate publikoak berriki urbanizatu du poligono hori. Horrela, Foru Gobernuak 2,3 milioi inbertitu ditu proiektu honetan, Prepirineoko lurzoru industrialaren eskaerari erantzuteko eta ekonomia suspertzen eta lanpostu berriak sortzen laguntzeko.

Irunberriko jarduera ekonomikoko eremu berriak zazpi partzela ditu gaur egun erabilgarri, 9.500 m2 eta 2.500 m2 artekoak, eta 53.000 m2-ko azalera du, guztira, industria-erabilerarako. 

Cárnicas Iruña ezartzea Nasuvinsak sozietate publikoaren industrialdeetan enpresen instalazioa sustatzeko bultzatutako lanaren emaitza da. Hain zuzen ere, industria sustatzeko politika horren barruan, duela hogei egun, Foru Gobernuak eta Nasuvinsak akordio bat aurkeztu zuten Madergia zurezko eraikuntza-enpresarekin, Agoizko industrialdean ezartzea errazteko, 9 milioiko inbertsio publiko-pribatuarekin.

Gainera, sozietate publiko hori industria-lurzoruaren garapena sustatzen ari da Arakil, Arguedas, Cascante, Irurtzun edo Lodosa herrietan, besteak beste, eremu horietan ezartzeko konpromisoa hartu duten enpresen beharrizanei erantzuteko eta, horrela, hainbat eskualdetan industria-sarea suspertzen laguntzeko.

Cárnicas Iruña da Irunberriko eremu berrian ezarri den lehen enpresa, eta erreferentea da nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean. Orkoienen ekoizpen-nabe bat du, urtean 18 milioi kilo txerri-haragi ekoizten zituena. Instalazioak Irunberrira eramateak dakarren handitzearekin, enpresak ekoizpen hori urtean 30 milioi kilo baino gehiagora handitzea aurreikusten du, esportazio-ratioa % 30-40koa izanik eta 80 milioi euroko fakturazioarekin.

Egilea Admin