Eustaten datuen arabera, 2020an, Euskal AEko ekonomiaren balio erantsi gordin osoaren % 8,9 goi eta erdi-goi teknologia sektorean (GTS) eman zen. Sektore horrek oinarri teknologiko sendoa duten eta ezagutzak azkar berritzen dituzten jarduerak barne hartzen ditu, eta 93.732 lanpostu sortu zituen, guztizkoaren % 9,3. Jarduera horiek 4.946 enpresatan garatu ziren, eta 19.836 milioi euro fakturatu zituzten guztira.
Espainiako goi eta erdi-goi teknologiako sektorea kontuan hartuta, Euskal AEn enpresa guztien % 5,3 biltzen da eta BEGd-aren % 7,9 sortzen du. Hala ere, manufaktura-industrian dauka pisu handiena goi- eta erdi-goi teknologiaren sektoreak, enpresen % 7,0 eta balio erantsiaren % 10,5 baitira.
Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, enpresen kopuruak gora egin du (+% 0,4), baina lanpostuen kopuruak behera (-% 1,1), eta 2020ko batez bestekoa 19 landun izan dira jarduera horretan diharduten enpresetan. Bestalde, negozio-zifra eta balio erantsia % 11,6 eta % 8,8 jaitsi ziren, hurrenez hurren.
Goi eta erdi-goi teknologiako sektorean, enpresen % 13,2k I+Gko jarduerak egiten dituzte, sektore guztietan oro har hartuta ematen den ehunekoa (% 1,0) baino askoz handiagoa. Gainera, sektore horrek, enpresa guztien % 3,2 izanik, enpresa-sektorean I+G egiten dutenen % 44,7 biltzen du, eta enpresa-sektoreak gauzatutako I+Gko barne-gastu osoaren % 73,6 egikaritzen du, 841,8 milioi euro.
Sektore honetan I+Gan diharduten langileei dagokienez, aipatzekoa da 2020an 9.731 pertsona enplegatu zirela “Dedikazio Osoko Baliokidetza (DOB)”, enpresa-sektoreak I+Gra bideratzen dituen langileen % 70,5, edo % 49,9, sektore guztiek jarduera horietara bideratzen dutenarekin alderatuz gero. Emakumeak, 3.187, guztien % 32,7 ziren. DOBko langile guztietatik 6.527 ikertzaileen kategoriakoak ziren, eta emakumeak 2.147 ziren, % 32,9.
Berrikuntzari dagokionez, I+Gn gertatzen den bezala, alde nabarmenak daude sektoreen guztizkoaren eta goi eta erdi-goi teknologiakoen guztizkoaren artean. Horrela, 2020an, sektoreko establezimenduen % 37,0 berritzaileak izan ziren, sektore guztiak kontuan hartuta % 18,6 izan ziren bitartean. 10 langile edo gehiagoko establezimenduetan, ehuneko horiek % 57,7ra iritsi ziren lehenengo kasuan, eta % 31,4ra bigarrenean.
Goi eta erdi-goi teknologiako establezimenduek 1.459 milioi euro bideratu zituzten jarduera berritzaileetara 2020an, sektore guztien gastu osoaren % 52,3. Gastu horretatik 1.307 milioi 10 langile edo gehiagoko establezimenduei zegozkien, hau da, tamaina horretako enpresek jarduera horretan gastatutako guztizkoaren % 54,9 egin zuten.
Argi dago, halaber, goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak gainerako sektoreek baino baliabide-proportzio handiagoa bideratu zuela I+G+Bra, “berrikuntza” eta “barneko I+G” intentsitate-ratioak ikusita; hau da, sektore horrek gastura bideratzen dituen zifrak —bai berrikuntzan, bai I+Gn— negozio-zifrarekin alderatuta erakusten ditu. Zehazki, berrikuntzaren intentsitatea % 6,41ekoa da sektore horretan, sektore ekonomiko guztiak kontuan hartuta % 1,75koa den bitartean. Barneko I+Gren kasuan, ratioa % 3,94koa da sektorean, eta % 0,94koa guztizkoan.
Goi eta erdi-goi teknologiako sektoreak IKTk gehiago erabiltzen dituzte
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) eta merkataritza elektronikoaren erabilera hedatuago dago sektore honetako enpresetan sektore guztietako enpresetan baino. 2020an, sektore horretako establezimenduen % 51,6k egin zuten “merkataritza elektronikoa”; sektore guztiak batera hartuta, berriz, % 26,9k.
Ehuneko horiek erakusten dute erosketa elektronikoak egin zituzten sektore horretako establezimenduak % 49,0 izan zirela, sektore guztiak hartuta erosketa elektronikoak egin zituztenen % 24,0ren eta salmenta elektronikoak egin zituzten sektore teknologikoko establezimenduen % 14,8ren aldean; zifra hori sektore guztien kasuan % 7,6koa izan zen.
Bestalde, sektore horrek ondasunen kanpo-merkataritzan duen eragina ez da bereziki esanguratsua. Esportazioak 21.124,2 milioi euroko guztizko esportazioetatik 709,7 milioi eurokoak izan ziren; inportazioak, berriz, 15.868,4 milioi euroko guztizko inportazioetatik 603,1 milioi eurokoak izan ziren. Zifra horiek esportazio eta inportazio guztien % 3,4 eta % 3,8 dira, hurrenez hurren.
Truke horietarako eta esportazioetarako gehien erabiltzen diren produktuen artean honako hauek nabarmentzen dira: “Makineria eta ekipo mekanikoa” (% 38,4), “Eraikuntza aeronautikoa eta espaziala” (% 17,3) eta “Material elektronikoa, eta irrati, telebista eta komunikazioko ekipoak eta aparatuak” (% 14,9). Inportazioetan, nabarmentzekoak dira “Material elektronikoa, eta irrati, telebista eta komunikazioko ekipoak eta aparatuak” (% 40,2), “Tresna zientifikoak” (% 22,5) eta “Eraikuntza aeronautikoa eta espaziala” (% 10,2).
Etengabe gora 2015etik
Denbora-ikuspegi zabalago batetik begiratuta, 2010etik, ikusten da sektore horrek etengabe egin duela gora bere ekarpena 2015etik, argitaratutako azken urtean —2020a— izan ezik, COVID-19ak eragindako pandemiaren hasiera-urtean.
GTS sektorearen negozio-zifra 16.800 milioi euroren gainetik dago 2010az geroztik; 2017an 20.000 milioiak gainditu zituen eta 2019an marka onena lortu zuen 22.430 milioira iritsiz, hau da, 4.918 milioiko hazkundea 2010arekin alderatuta, % 28,1 gehiago. Hala ere, 2020an kopuru hori 19.836 milioira jaitsi zen, aurreko urtean baino % 11,6 gutxiago.
2010-2020 aldi horretan, 2.218 pertsona gehiago enplegatu dira GTS enpresetan, eta 2011tik 2017ra 90.000 langile baino gutxiago egon ziren. Azterketa honen azken urtean, 93.732 pertsona enplegatuta daude guztira, 2010ean baino % 2,4 gehiago.
Era berean, azken 10 urteetan goi eta erdi-goi teknologiako enpresen kopurua 4.600eko atalasearen gainetik mantendu da, Euskal AEko enpresen guztizkoaren gaineko ehunekoak % 3 inguru izanik, 2010eko % 2,9tik 2020ko % 3,2ra pasatuz. Ikusten denez, igoera txiki bat izan da ehunekoetan; ondorioz, 2010ean baino GTS sektoreko 116 enpresa gehiago daude.
Azkenik, balio erantsi gordina 6.391 milioikoa da 2020an, 2010ean baino 285 milioi gehiago, eta urte horretatik aurrera 5.700 milioitik gora mantendu da. Kasu honetan ere, Lanpostuetan eta Negozio-zifran bezala, marka onena urtebete lehenago lortu zen, 2019an, 7.011 milioi eurorekin (2010ean baino % 14,8 gehiago).