Euskal AEko industria-ekoizpena 2022ko uztailean 2021eko hil berekoa baino % 0,6 handiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera.

Uztailean, aurreko hilarekin –2022ko ekaina– erkatuta, Euskal AEko industria-jarduerak % 4,2 egin du behera, urtaro-ondorio egokiak zuzenduta.

2022ko uztaileko indizearen bilakaera, 2021eko uztailarekin alderatuta, positiboa izan da Energiaren sektorean. Hartan, energia elektrikoaren ekoizpena eta hornikuntza eta petrolio-fintzea sartzen dira; ekoizpenean % 26,4ko hazkuntza izan da. Ekoizpenak pixka bat egin du gora, era berean, Ekipo-ondasunetan (hartan sartzen dira motordun ibilgailuen fabrikazioa, lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintzakoa); % 0,3ko hazkuntza izan du, aurreko urteko hil berarekin alderatuta. Urte arteko % 3,6ko beherakada izan dute jardueran, ordea, Tarteko ondasunetako jarduerek, besteak beste, metalurgiak eta produktu metalikoen fabrikazioak, industria kimikoak eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioak.

Kontsumo-ondasunek, bestalde, urte arteko portaera negatiboa izan dute; beherakada % 6,7koa izan da sektore osorako, Kontsumo iraunkorreko ondasunetan ekoizpenak % 8,4 egin duelako behera eta Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunetan ekoizpenak % 6,3 egin duelako behera. Altzari eta etxeko tresnen fabrikazioa dira, besteak beste, Kontsumo iraunkorreko ondasunen sektoreko jarduerak. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektorearen barruan sartzen dira honako jarduera hauek: elikagaien prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta arropen jantzigintza.

Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisu gehien duten sektoreen artean, 2022ko uztailean urte arteko hazkuntza handiena honako hauek izan dute: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 30,5), Garraio-materiala (% 4,7) eta Makinak eta ekipoa (% 2,9). Kontrara, ekoizpenean beherakada handienak izan dituzten sektore esanguratsuenak honako hauek izan dira: Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak (% 7,7ko beherakada), Metalurgia eta produktu metalikoak (% 4,6) eta Material eta ekipo elektrikoa (% 3,9).

Bilakaera negatiboa

2022ko uztailean, Industria-ekoizpenaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da Araban; bertan, % 3,9 egin du atzera industria-jarduerak. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, portaera positiboa izan da; % 2,9ko eta % 1,2ko hazkuntza izan zuten, hurrenez hurren.

2022ko urtarrilaren eta uztailaren arteko aldian, industria-sektorean hazkuntza metatua % 6,7koa izan da. Bilakaera positibo hori honako hauen portaera onaren ondorio izan da: Energia, Ekipo-ondasunak, Kontsumo-ondasunak eta Tarteko ondasunak; haietan, aurten, orain arte, % 15,3ko, % 11,8ko, % 4,0ko eta % 1,8ko hazkuntza metatuak izan dira, hurrenez hurren. Kontsumo-ondasunen hazkuntza metatua Kontsumo ez-iraunkorren ondasunen bilakaera positiboaren (% 5,7) ondorio da; izan ere, Kontsumo iraunkorren ondasunek portaera negatiboa izan dute, % 2,2koa, urteko lehen zazpi hiletan.

Lurraldeen arabera, hirurek izan dituzte tasa positibo metatuak: % 8,1ekoa Bizkaian, % 5,8koa Araban, eta % 5,8koa Gipuzkoan.

Egilea Andoni Beitia