2022ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEn 3.287 jaiotza egon ziren, aurreko urteko aldi berean baino % 1,1 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Jaiotza kopuruak behera egin du Gipuzkoan, % 8,8, eta Araban, % 2. Bizkaian, berriz, % 4,6 egin du gora. Bizkaian, zehazki, 1.691 ume jaio ziren; Gipuzkoan, 1.053, eta, Araban, 543.
Hilen arabera, jaiotza kopuru handiena urtarrilean izan zen, 1.123 jaiotza izan baitziren (% 34,2); ondoren, martxoan, 1.110 izan baitziren (% 33,8), eta, azkenik, otsailean, 1.054 izan baitziren (% 32,1).
Amaren adinari dagokionez, 35 eta 39 urte bitarteko amen taldea izan zen lehen postuan; jaiotzen % 35,5 egokitu zitzaien. Jarraian, 30 eta 34 urte bitarteko taldea izan zen, % 32,9rekin. Nabarmendu behar da 40 urteko edo gehiagoko amen jaiotzak kopuru osoaren % 12,6 direla; balio hori 25 eta 29 urte bitarteko amen jaiotzen % 11,8ren gainetik dago.
Ama ezkongabeen amatasunaren adina ama guztiena baino baxuagoa da; nabarmentzekoa da haietatik % 10,5ek 25 urte baino gutxiago zituela (ehuneko hori % 7,3koa da ama guztietan).
Ezkontzatik kanpoko jaiotzak jaiotza guztien % 52,7 izan ziren; proportzio hori 2021eko lehen hiruhilekokoa baino handiagoa da (% 49). Bizkaiak eta Arabak Euskal AE osoak baino balio handiagoak dituzte (% 53,6 eta % 53,2, hurrenez hurren), eta Gipuzkoan ehuneko hori txikiagoa da, % 51koa.
Jaiotza-ordenari dagokionez, 2022ko lehen hiruhilekoan, jaiotzen % 49,5 –1.627 ume, alegia– lehen semeak edo alabak izan dira; % 37,7 (1.239) beste jaiotza bat izan den familietara iritsi dira, eta % 12,8 hirugarren ordenako edo ondorengoko jaiotzak izan dira (2021eko hiruhileko berean baino 0,3 puntu gehiago).
Gora egin du atzerriko nazionalitatea duten amen ehunekoak
Euskal AEn 2022ko lehen hiru hiletan izan diren jaiotzen % 28,4an, amak atzerriko nazionalitatea izan du; ehuneko hori 2021eko hiruhileko berean baino ehuneko 2,6 puntu handiagoa da. Araban, atzerriko nazionalitatea duten amen proportzioa % 36,6koa izan da; Gipuzkoan, % 28,5ekoa, eta, Bizkaian, % 25,8koa.