Iñigo Urkullu lehendakariak atzo adierazi zuenez, energia-eraginkortasunaren euskal indizea Europako handienen artean dago, eta, aldi berean, iragarri zuen Euskadik aurrera egiten jarraituko duela esparru horretan ahalik eta autoexijentzia handienarekin, are gehiago egungo nazioarteko energia-testuinguru nahasian.

Urkulluk Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sareak antolatutako ekitaldi batean egin zuen gogoeta, Donostiako Tabakalera zentroan, Euskadin iraunkortasun-politikak integratzea sustatzeko 20 urteko lana ospatzeko. Ekitaldian izan ziren, halaber, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Go-tzone Sagardui Osasun sailburua eta Eneko Goia Donostiako alkatea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ingurumen foru diputatuek, Josean Galerak, Amaia Antxustegik eta Jose Ignacio Asensiok, hurrenez hurren, parte hartu zuten ekitaldian, baita Udalsarea sareko bi udal ordezkarik ere.

Bere hitzaldian, lehendakariak gogorarazi zuen Euskadik baduela Kontingentzia Energetikoaren Plan bat, bai eta oinarri zimendatu, sendo eta finkatu bat ere jasangarritasunaren arloan.

“Gure helburua Europaren eskutik doa, klimaren aldetik neutroa den lehen kontinentea izatera deitua hemendik 2050era, Europako Itun Berdearen bidez, zeinak tokiko berezitasunetara egokitu beharko baitu”, esan zuen euskal agintari gorenak, eta puntu horretan udalek, mankomunitateek eta udalaz gaindiko erakundeek funtsezko zeregina betetzen dutela nabarmendu zuen.

Sare aktiboa

Ildo horretan, gogorarazi zuen tokiko eta eskualdeko erakundeek klima-aldaketa arintzeko neurrien % 70 eta egoera horretara egokitzeko politiken % 90 gauzatzen dituztela. Urkulluk adierazi zuenez, Euskadi posizio pribilegiatuan dago, zuzenean pertsonekin lan egiten duelako eta herritarrek iraunkortasunarekiko duten jarrera-aldaketa sustatzeko aukera duelako. Testuinguru horretan, adierazi zuen Udalsarearen papera funtsezkoa dela erronka klimatiko horri aurre egiteko.

Beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzea, eragile eta herritar guztiak gizarte kohesionatuago, erresilienteago, jasangarriago eta justuago baterako trantsizioan inplikatzeko, gaineratu zuen lehendakariak, eta azpimarratu zuen beharrezkoak direla Udalsarea osatzen duten erakundeen hondar-granito guztiak, B planik ez dagoelako. Plan bakarra da denok gure egunerokotasunean laguntzea, ebatzi zuen.

“Udalsarea — deskribatu zuen Iñigo Urkulluk — sare aktiboa da, eta Garapen Iraunkorraren Helburuetan aurrera egiten laguntzen du, batez ere neutraltasun eta erresilientzia klimatikoaren bidean, lurzoruaren babesean eta ekonomia zirkularraren bultzadan”.

Egilea Andoni Beitia