Statkraft enpresa norvegiarrak, Europako lehen ekoizle berriztagarriak, gaur aurkeztu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari Araba eta Gipuzkoa arteko mugan eraikiko dituen bi parke eolikoak, 90 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.

Prentsa-ohar batean, konpainiak jakinarazi du astearte honetan Statkrafteko Europarako presidenteorde exekutiboa, Barbara Flesche, eta konpainiaren Espainia eta Portugalerako zuzendari nagusia, José Miguel Ferrer, Lehendakaritzan izan direla, Urkulluri proiektuen egoera eta ikuspegi estrategikoa azaltzeko, hiru ardatzen inguruan egituratuta: energiaren sozializazioa, zero kilometroko hornidura elektrikoa euskal industriarentzat eta lankidetza publiko-pribatua.

Zehazki, Statkraft aurrera doa Itsaraz parke eolikoetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta Piaspe, Gipuzkoan. Lehenengoak 52,8 megawatteko (MW) edukiera izango du, eta horrekin “energia garbia, autoktonoa eta eskuragarria eman ahal izango die 44.000 etxe baino gehiagori”; Piaspek, berriz, 33 MW-rekin, 24.000 etxe baino gehiago hornitzeko gaitasuna izango du.

Garapen fasean dauden bi parkeak 2027rako martxan jartzea aurreikusi da. Fleschek eta Ferrerrek lehendakariari azaldu dioten bezala, Statkraften Euskadiko estrategiak epe luzerako konpromiso bat eskatzen du, euskal herritarrak eta enpresa-sarea inplikatuko dituena.

Horretarako, Statkraftek gizarte-partaidetzako formuletan aurrera egiten du, hala nola tokiko energia-komunitateetan, proiektuak eragindako udalerrietako eta hurbilen dauden inguruetako euskal herritarrek aukera izan dezaten Euskadiko energia-trantsizioko prozesuan zuzenean parte hartzeko, eta “zuzeneko onura ekonomikoa hauteman dezaten, elektrizitate-kostuetan aurrezpen nabarmenak eginez”.

Hala jakinarazi die konpainiak parkeak jarriko diren udalerrietako batzuei, Azpeitiari, esaterako.

Aldi berean, epe ertain eta luzerako energia berriztagarriaren salerosketa-kontratuetan lider gisa, konpainiak aurrera egin du euskal industriari elektrizitatearen hornikuntzan, “Euskadin ekoitzitako energiarekin, garbi eta prezio egonkorretan”.

Fleschek eta Ferrerrek, halaber, Euskadiren deskarbonizazioa bultzatzeko Statkraftek dituen erronka nagusiak azaldu nahi izan dizkiote Urkulluri.

“Horrela, Euskadin instalatutako ahalmenaren % 20 baino gutxiago berriztagarria dela kontuan hartuta – Espainiako Estatuko guztizkoaren % 0,5 –, kontsumo handiena duen seigarren autonomia-erkidegoa izanik, Statkraftek funtsezkotzat jotzen du ahalmen berriaren hedapena bizkortzea, betiere ingurunea eta lurraldea kontuan hartuta”, adierazi du konpainiak.

Statkraft nazioarteko enpresa liderra da sorkuntza hidroelektrikoan, eta Europako ekoizle berriztagarri handiena. Taldeak energia hidroelektrikoa, eolikoa, eguzki-energia eta gasa ekoizten ditu, eta hiriko berogailua ere hornitzen du. Statkraftek 4.800 langile ditu 19 herrialdetan.

Egilea Andoni Beitia