Europako Parlamentuaren osoko bilkurak oniritzia eman dio joan den ekainean EBko erakundeetako negoziatzaileek gutxieneko soldata duinak bermatuko dituen esparru komun bat ezartzeko egindako akordioari, blokean oparotasuna eta gizarte-kohesioa hobetzeko helburuarekin, baina, hala ere, horrek ez du esan nahi hogeita zazpi herrialdeentzat gutxieneko muga komun bat ezarri behar denik.

Arau berriekin, gobernu bakoitzak bere herrialdeko gutxieneko soldatak bizi-maila “duina” bermatzeko egokiak diren ebaluatu beharko du, baldintza sozioekonomikoak, erosteko ahalmena edo maila nazionaleko produktibitate-mailen bilakaera bezalako irizpideei jarraiki.

Hitzarmen kolektiboen bidez gutxieneko soldata babestuta duten EBko herrialdeak ez daude behartuta hori sartzera, ezta hitzarmen horiek aplikazio unibertsalekoak izatera ere.

Estatu kideek sektorekako eta sektorearteko negoziazioak indartu beharko dituzte, langileak gutxieneko soldata bermatuz babesteko, eta EBko herrialdeetan, langileen % 80 baino gutxiago hitzarmen kolektibo baten babespean badaude, estaldura hori handituko duen ekintza-plan bat sortu eta publiko egin beharko dute, gizarte-eragileak inplikatuko dituena eta hartutako neurrien berri emango diona Europako Batzordeari.

Nolanahi ere, gutxieneko soldata finkatzea estatu kideen eskumena izango da aurrerantzean ere, eta ziurtatu beharko dute langileek bizitza duina izateko aukera izango dutela, bizitzaren kostua eta soldata-maila orokorra kontuan hartuta.

Indarrean dauden legezko gutxieneko soldatak egokiak diren ebaluatzerakoan, agintariek ondasunen eta zerbitzuen saski bat hartu ahal izango dute erreferentziatzat, prezio errealetan, edo soldata-mediana gordinaren % 60 eta batez besteko soldata gordinaren % 50.

Gainera, gobernuek sistema bat ezarri beharko dute arau berriak betetzen direla ziurtatzeko eta gehiegizko azpikontratazioa, autonomo faltsuak, aitortu gabeko aparteko orduak edo lanaren intentsitatea handitzea bezalako arazoei aurre egiteko.

Sistema horrek gainbegiratze-neurri fidagarriak, kontrolak eta tokian bertan egindako ikuskapenak jaso beharko ditu, Europako Parlamentuaren osoko bilkurak asteazken honetan onartu duen araudi berriaren arabera, aldeko 505 botorekin, kontrako 92rekin eta 44 abstentziorekin. Hogeita zazpiek bi urteko epea izango dute, zuzentaraua EBko Egunkari Ofizialean argitaratzen denetik, lege-esparru berria beren legeriara eramateko.

Egilea Andoni Beitia