2022ko lehen hiruhilekoan, Euskadiko AEn 6.431 heriotza izan dira, aurreko urteko aldi berean baino % 7,3 gehiago, Eustaten datuen arabera. Datuak aurreko urtekoekin erkatzean ikusten dugu 2022ko lehen hiruhileko honetan heriotza kopurua 2021ean (5.994), 2019an (6.011)) eta 2010etik 2019ra bitarteko batezbestekoa (5.813) baino handiagoa izan dela, eta 2020koa (6.522) baino baxuagoa.
Hiru lurraldeetan, gora egin dute heriotza kopuruek, eta hazkuntzarik handiena Gipuzkoan izan da; bertan, % 10,3koa izan da (2.156 pertsona). Araban, heriotza kopuruak % 8,9 egin du gora (831 hildako), eta, Bizkaian, % 5,1 (3.444 hildako). Sexuari dagokionez, 3.279 emakume eta 3.152 gizon hil dira; alegia, % 10 egin du gora heriotzak emakumeetan eta % 4,6, gizonetan.
Lehen hiruhileko honetan izan diren heriotzen artean, 11 (% 0,2) urtebetetik beherakoak izan dira eta 112 (% 1,7), ehun urtetik gorakoak.
Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan dira; 1.569 eta 1.509 heriotza, hurrenez hurren. Alegia, bi horiek heriotzen % 47,9 izan dira. Heriotzaren hirugarren kausa COVID-19a izan da, 761 kasurekin (% 11,8). Nerbio-sistemaren kausengatiko heriotzak laugarren heriotza-kausa izan dira, 409 heriotzarekin (% 6,4). Arnas sistemaren gaixotasunengatiko heriotzak 378 izan dira (% 5,9), eta digestio-sisemaren gaixotasunengatikoak, 272 (% 4,2).
Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitzen du, sexuaren arabera; izan ere, gizonen artean, tumoreek gainditu egin dituzte zirkulazio-sistemako gaixotasunak, eta, emakumeen artean, kausa nagusia zirkulazio-sistemaren gaixotasunak izan dira eta, ondoren, tumoreak.
Euskadiko AEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan da 2022ko lehen hiruhilekoan, behera egin baitu (3.144 pertsona gutxiago). Hiru lurraldeetan, biztanleria galdu da: Bizkaian, 1.753 pertsona; Gipuzkoan, 1.103, eta, Araban, 288.
COVID-19ak, guztira, 761 heriotza eragin ditu, 2 taldetan sailkatuta: 755, egiaztatutako COVID-19aren ondorioz, eta 6, ustezko COVID-19aren ondorioz; gainera, beste 157 heriotzatan, COVID-19a ziurtatutako heriotza-kausen artean egon da, baina ez da funtsezko kausa izan.
Lurraldeen arabera, zifrarik altuena Bizkaian izan da (390); ondoren, Gipuzkoan (266) eta, gero, Araban (105). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmendu behar da (131 heriotza COVID-19ak eraginda), gero Vitoria-Gasteiz(83) eta, azkenik, Donostia (57). Getxo (29) eta Barakaldo (26 heriotza) ere nabarmendu beharreko udalerriak dira.
Gizonen heriotza-kopuruak (427) emakumeena (334) gainditu du. Adinen arabera, eragin gehien jasan duten taldeak 80 urtetik gorakoena (522) eta 60-79 urte artekoena (214) izan dira.
Heriotza horiek, nagusiki, EAEko ospitaleetan gertatu dira (% 79; % 82,9 2021eko lehen hiruhilekoan), eta, ondoren, egoitza soziosanitarioetan (% 10,6; % 8,7 2021eko lehen hiruhilekoan), etxeetan (% 10,1; % 8 2021eko lehen hiruhilekoan) eta beste leku batzuetan (% 0,3; % 0,4 2021eko lehen hiruhilekoan).