Euskal AEn bizi diren 16 urteko eta gehiagoko 1.877.675 pertsonak, % 95,9k, hezkuntzako titulu ofizialen bat dute 2021ean, Eustaten datuen arabera. Alegia, ehuneko 3 hamarren egin du gora kopuruak, aurreko urtearekin alderatuta, eta ehuneko 1,5 puntu, 2011rekin alderatuta (1.764.462 pertsona).

2021ean, 16 urteko eta gehiagoko biztanleriaren banaketa, titulazio-mailen arabera, honako hau izan da: 585.884 pertsonak lehen mailako ikasketak amaitu dituzte, biztanle horien % 31,2k; alegia, titulazio-kategoria horretan zazpi puntuko eta hamarren bateko murrizketa egon da, 2011rekin alderatuta. 418.129 pertsonak bigarren mailako ikasketak amaitu dituzte, biztanleria osoaren % 22,3k; alegia, kopuruak ehuneko 2,3 puntu egin du gora azken hamar urteotan. 161.859 pertsona oinarrizko eta/edo erdi-mailako lanbide-heziketako tituludunak dira, % 8,6; alegia, 2011n baino ehuneko 1,6 puntu gehiago.

Azkenik, goi-mailako hezkuntzari dagokionez, % 23k amaituta ditu unibertsitate-ikasketak (431.953 pertsona), 2011n baino ehuneko 3,4 puntu gehiago, eta % 10,8k, goi-mailako lanbide-heziketa (ehuneko 1,3 puntu gehiago). Horrek esan nahi du goi-mailako ikasketak dituzten biztanleetan, profesionalak edo unibertsitatekoak izan –alegia, 2021ean % 33,8–, ehuneko 4,7 puntu igo dela, 2011rekin alderatuta. Aurreko urtearekin, 2020arekin, alderatuz gero, desberdintasuna ehuneko lau hamarren gehiagokoa da..

Titulazioren bat duten 16 urteko eta gehiagoko biztanleen gainean lurralde historikoen araberako ehunekoen aldeak oso txikiak dira. Hala ere, Araban bigarren mailako ikasketadunen proportzio handiagoa dago, % 23koa, eta Gipuzkoan % 22,4koa eta Bizkaian % 22koa. Era berean, Araba da lehen mailako ikasketen proportzio handiena duen lurraldea, % 32,4, eta Bizkaian eta Gipuzkoan % 31,2 eta % 30,6, hurrenez hurren. Aldi berean, Bizkaian ohikoagoa da unibertsitate-ikasketen maila, % 24,1, eta Gipuzkoan eta Araban % 22,3 eta % 20,7, hurrenez hurren. Azkenik, lurralde-maila honetan, lanbide-ikasketak, oinarrizkoak edo goi-mailakoak izan, ohikoagoak dira Gipuzkoan, % 11,6 goi-mailakoen kasuan eta % 9 oinarrizkoen kasuan; Araban, % 11,2 eta % 8,7, hurrenez hurren, eta, Bizkaian, are baxuagoak, % 10,2 eta % 8,4koak.

Ikasketen banaketak, eskualdeen arabera, berriz, alde handiagoak ditu lurraldeen arabera baino. Ikasketa-maila altuena kontuan hartuta, unibertsitate-titulazioei dagokiena, honako hauek dira hiru eskualde nabarmenenak: Plentzia-Mungia, 16 urtetik gorako biztanleen % 31,9rekin; Donostialdea, % 25,2rekin, eta Bilbo Handia, % 24,6rekin. Biztanleen % 20 edo gehiago unibertsitate-tituluduna duten beste eskualde batzuk: Gorbeialdea (% 23,7), Gernika-Bermeo (% 23,5), Urola Kosta (% 22,2), Arabako Lautada (% 21,5), Debagoiena (% 20,8) eta Arratia-Nerbioi (% 20,4).

Bigarren mailako ikasketak

Bigarren mailako ikasketen titulazio-mailan daude eskualdeen arteko alde nabarmenenak (‘titulaziorik gabe’ kategoria alde batera utzita). Hala, eskualde nabarmenen –Plentzia-Mungia (% 24,9), Bidasoa Beherea (% 24,6) eta Arabako Errioxa (% 23,6)– eta propotzio txikiena dutenen –Durangaldea eta Arabako Mendialdea, bi kasuetan % 19,2– artean, ehuneko sei puntuko aldea baino ez dago.

Lanbide-ikasketen titulazioei dagokienez, Debabarrena, Enkartazioak eta Gorbeialdea eta Debagoiena nabarmentzen dira (% 23,4, % 22,9, % 22,9 eta % 22,8, hurrenez hurren). Kontrara, lanbide-titulazio gutxien duten eskualdeen artean, Arabako Errioxa (% 15,9), Bilbo Handia (% 17,9) eta Plentzia-Mungia (% 18,2) daude.

Azkenik, lehen mailako titulazio kopuru handiena duten eskualdeak honako hauek dira: Arabako Errioxa (% 41,8), Arabako Mendialdea (% 41,1), Añana (% 37,7), Enkartazioak (% 36,6) eta Arabako Kantaurialdea (% 36).

Unibertsitate-ikasketen titulazio-mailaren inguruko udal-rankingeko buru Getxo eta Sukarrieta dira (% 42,2 eta % 41,8, hurrenez hurren). Hamaseigarren postuan dago Bizkaitik kanpoko lehen udalerria, Donostia, 16 urtetik gorakoen % 31,8 baitira unibertsitate-tituludun. Lurraldeko beste bi hiriburuei dagokienez, Bilbori % 27,7 dagokio, eta, Gasteizi, % 21,9. Bestalde, bigarren mailako titulazioetan ere, Bizkaiko udalerriak nagusitzen dira: Gatika, % 31; Plentzia, % 28,9, eta Laukiz, % 28,4. Lanbide-heziketako titulazioen kasuan, lehen postuetan Galdames (% 30,4), Irura (% 28,5) eta Arama (% 28,4) daude.

Emakume gehiago unibertsitateetan

Analisian sexuaren aldagaia sartzen badugu, gizonek eta emakumeek antzeko proportzioak dituzte goi-mailako titulazioetan, unibertsitatekoa eta goi-mailako lanbide-heziketakoa barne (% 34,2 eta % 33,5, hurrenez hurren). Hala ere, gizonetan, lanbide-heziketako titulazioak (edozein mailatakoak) % 23,1 dira; proportzio hori emakumeena baino handiagoa da (% 16,1). Kontrara, emakumeetan unibertsitate-titulazioak ohikoagoak dira (% 25,6) gizonetan baino (% 20,2).

Azkenik, lehen mailako titulazioen proportzioetan sexuaren araberako aldeak honako hauek izan dira: emakumeen % 32,5 eta gizonen % 29,8. Eta, bigarren mailakoetan, % 21,4 eta % 23,2koak, hurrenez hurren. Aldeak kasu bietan dira neurrizkoak, eta emakumeen aldekoak lehen kasuan eta gizonen aldekoak, bigarrenean.

Gure erkidegoko hezkuntza-mailaren azken adierazlea analfabetismoaren tasa izango litzateke. 2021ean, adierazle horrek hondar-maila izan du, eta 10 urteko eta gehiagoko biztanleetan % 0,3koa baino ez da izan (6.000 pertsona inguru): % 0,2koa, gizonen kasuan, eta % 0,4koa, emakumeen kasuan.

Logikoa denez, adin nagusikoenetan kontzentratzen da; hala, 65 urtera arte % 0,1ekoa da tasa eta, adin horretatik aurrera, % 0,8koa. 65 urteko eta gehiagoko emakumeek % 1eko analfabetismo-tasa dute, eta gizonek, adin-talde berean, % 0,4koa. Alegia, nabarmen murriztu dira kopuru horiek 2011tik, % 2,1koa baitzen 65 urteko eta gehiagoko emakumeetan eta % 0,8koa, gizonetan.

Avatar

Egilea Andoni Beitia