Euskadiren defizita % 0,6koa izango da 2023an

Euskadik % 0,6ko defizit-helburua adostu du Espainiako Gobernuarekin 2023rako, Eusko Jaurlaritzarentzat, hau da, 493 milioi euro gehiago, eta % 0,1ekoa aldundientzat, hau da, 82 milioi gehiago foru-kutxen eskura.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioarekin itxi du Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren 2023rako helburuen aurretiazko akordio hori, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak berretsi beharko du, oraindik datarik aurreikusi gabe, Eusko Jaurlaritzak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez.

Era berean, akordioan aurreikusten da Eusko Jaurlaritzak % 13,5eko (11.075 milioi euro) zorpetze publikorako gaitasuna izango duela 2023rako.

Azpiazuk zuzentzen duen sailak adierazi duenez, 2022an 10.860 milioi eurorekin itxiko da euskal zor publikoa, hau da, BPGren % 14ko zorpetze-maila, gutxi gorabehera.

Gainera, gogorarazi du Euskadi Estatuan gutxien zorpetutako autonomia-erkidegoetako bat dela, eskualdeek BPGaren gainean duten guztizko portzentajea baino 10 puntu txikiagoa.

Ekonomia eta Ogasun Sailaren ustez, akordio horren zifrek “bermatu egiten dute, neurri batean, euskal erakundeek datorren urteko aurrekontuak egin ahal izateko marjina, Ukrainako gerrak eta horrek munduko ekonomian duen eragin negatiboak markatutako testuinguru ekonomikoan”.