2021/01/01eko zifrek adierazten dute Euskal AEn 65 urtekoak eta gehiagokoak biztanleria osoaren % 23 izan zirela: haietatik, % 57,3 emakumeak (288.716) eta % 42,7 (215.337) gizonak. 65 urteko eta gehiagoko emakumeak biztanleria osoaren % 13,2ra iritsi ziren eta gizonak, % 9,8ra. Bizkaia izan da lurralderik zahartuena (% 23,4), eta, ondoren, Gipuzkoa (% 22,9) eta Araba (% 21,6), Eustaten datuen arabera.

Euskal AE –biztanleria osoaren % 23rekin–, 2020an, bigarren postuan zegoen Europar Batasunean 65 urteko eta gehiagoko biztanle kopuru handiena (% 20,6) zuten herrialdeen rankingean; aurretik Italia (% 23,2) baino ez zuen, eta Estatuko batezbestekoa (% 19,6) baino ehuneko 3 puntu gehiago zituen.

Azken lau hamarkadotan, 1981aren eta 2021aren artean, 65 urteko eta gehiagoko biztanle kopurua 2,5 aldiz biderkatu da Euskal AEn, eta, aldi berean, adin-tarte gazteenetako biztanle kopuruan beherakada etengabea da. Are nabarmenagoa izan zen adin nagusiagoko pertsona kopuruaren gorakada, 85 urte eta gehiagokoena; izan ere, haien kopurua 5,3 aldiz biderkatu da azken 40 urteotan, eta biztanleria osoaren % 4,1 izan da 2021ean. 2021ean, hiltzean batez besteko adina 81 urte izan da; ia 6 urte luzatu da, 2001etik (75,3 urte).

2021ean, adineko pertsonen mendekotasun-indizea honako hau zen: teorikoki mendekoak ziren 39,1 pertsona lan egiteko adina zeukaten 100 pertsonako. Indize hori honela neurtzen da: 65 urteko eta gehiagoko biztanleak (“teorikoki” mendekoak diren biztanleak) 20tik 64 urtera bitarteko biztanleen aldean (biztanleria hori “potentzialki” produktiboa eta aktiboa da edo lan egiteko adinean dago).

2001aren eta 2021aren artean, mendeko pertsonen kopurua, potentzialki aktiboak diren 100 pertsona bakoitzeko, handitu egin da, eta 11,2 pertsona gehiago dira; 2001eko 27,9 mendeko pertsonatik 2021eko 39,1era egin du. Mendeko pertsona horietatik guztietatik, 22,4 emakumeak dira eta 16,7, gizonak.

2021ean, Euskal AEn landunen arteko 118.700 mendeko pertsona inguru bizi ziren, eta, haietatik, 100.100 inguru, alegia, % 84, 65 urtekoak eta gehiagokoak ziren.

270.558 pertsona bakarrik bizi ziren Euskal AEn 2021ean, biztanleria osoaren % 12 baino pixka bat gehiago (% 12,3); haietatik, % 57 emakumeak ziren eta gainerako % 43a, gizonak. Bakarrik bizi ziren pertsonetatik, 118.226k, alegia, % 43,7k, 65 urte eta gehiago zituzten. Adin-talde horretan, pertsonen % 23,5 bakarrik bizi ziren, emakumeen % 30 eta gizonen ia % 15.

2021ean, 64 urtera arte, bakarrik bizi ziren biztanleetan, gizonak ziren nagusi. 65 urtetik aurrera, emakume kopuru handiagoa bizi zen bakarrik gizon kopurua baino, adin-talde guztietan: 70 eta 74 urte bitartean, bakarrik bizi ziren 3 pertsonatik 2 emakumeak ziren; 75 eta 79 urte bitartean, lautik 3; 80 eta 84 urte bitartean, 5etik ia 4, eta 85 urtetik aurrera bakarrik bizi ziren pertsona guztien % 80.

Ospitaleratzeen erdia baino gehiago, 65 urtetik gorako pertsonenak

2020an, 222.438 ospitaleratze erregistratu ziren EAEn; haietatik, erdia baino pixka bat gehiago 65 urteko eta gehiagoko pertsonenak izan ziren. Ospitaleratze horiek ospitaleko 2.035.368 egonaldi ekarri zituzten; egonalditzat pertsona bakoitzak ospitaleratuta ematen duen gau bakoitza dela ulertzen da. 65 urteko eta gehiagoko pertsonen egonaldiak kopuru osoaren % 57 izan ziren.

Adinekoak ospitaleratzeko kausa nagusiak zirkulazio- eta digestio-gaixotasunak izan ziren bi sexuetan, eta, ondoren, kanpo-kausak emakumeetan, eta tumoreak, gizonetan.

65 urteko eta gehiagoko pertsonetan, ospitaleko egonaldiak egiteko kausa nagusiak, bi sexuetan, nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak izan ziren, bai eta zirkulazio-gaixotasunak ere. Nahasmenduak ospitaleko egonaldirako kausa gisa emakumeetan ohikoagoak izan ziren gizonetan baino. Askotan, ospitale psikiatriko espezializatuetako egonaldi luzatuak dituzten patologiak izaten dira.

2021ean, Euskal AEn, 23.073 pertsona hil ziren: 11.508 emakume eta 11.565 gizon. Hildako pertsonen batez besteko adina 81 urte izan ziren: emakumeak, batez beste, 84 urterekin hil ziren eta gizonak, 78 urterekin. Emakumeen % 87,4 69 urte baino gehiagorekin hil ziren, eta % 74,6, 79 urte baino gehiagorekin; gizonetan, heriotzen % 76,9 70 urterekin eta gehiagorekin izan ziren, eta % 54,2, 80rekin eta gehiagorekin.

Bi heriotza-kausa nagusiak

70 urteko eta gehiagoko emakumeen bi heriotza-kausa nagusiak, alegia, zirkulazio-gaixotasunak (heriotza guztien % 29,4 adin-tarte horretan) eta tumoreak (% 17,3), bat etorri ziren gizonen kausa nagusiekin, baina alderantzizko ordenan: tumoreak heriotza guztien % 28,4 izan ziren, eta zirkulazio-gaixotasunak, % 25,3; bi kausa horiek 70 urteko eta gehiagoko gizonen heriotza-tasaren erdia baino gehiago (% 57,7) izan ziren.

Nahasmendu mentalen eta portaeraren nahasmenduen nagusitasuna hiltzeko kausa gisa handiagoa izan zen 70 urtetik aurrerako emakumeetan (% 11,3) gizonetan baino (% 6,6). COVID-19a hirugarren kausa nagusia izan zen 70 urteko eta gehiagoko gizonetan; adin-tarte horretako heriotza guztien % 8,4 izan zen. 70 urteko eta gehiagoko emakumeetan, COVID-19a adin-tarte horretako heriotza guztien % 6,6 izan zen, bosgarren heriotza-kausa nagusiena.

2021ean, COVID-19a funtsezko kausa izan zuten 1.682 heriotza egon ziren, guztira; alegia, heriotza guztien % 7,3 urte horretan, 757 emakumeetan eta 925 gizonetan. Ondorioz, 2020ko heriotzak baino % 45,7 gutxiago. COVID-19aren ondoriozko heriotzen % 61,2 80 urteko eta gehiagoko pertsonetan gertatu ziren: COVID-19agatik hildako gizonen % 53,3k 80 urte eta gehiago zituzten, eta, emakumeetan, % 70,8k.

65 urteko eta gehiagoko pertsonen % 94k esan zuten kezkatuta zeudela ingurumenagatik 2020an, eta % 77, oso kezkatuta. Kezka hori 16 urteko eta gehiagoko biztanleriarena baino pixka bat baxuagoa zen (% 97 eta % 83, hurrenez hurren).

Ingurumenarekiko kezka adin-talde guztietan hazi da 2015etik, eta neurri handiagoan adinekoetan.

2020an, 65 urteko eta gehiagoko biztanleen % 88k ingurumena babesteko neurriak hartzearen aldeko jarrera erakutsi zuten, emakumeen % 87k eta gizonen % 90ek; aldeko jarrera erakutsi zuten, era berean, 16 urteko eta gehiagokoen % 92 inguruk. Adinekoetan, ingurumena babesteko honako neurri hauek izan zuten adostasun gehien: trafikoaren zarata murriztea (% 73), uraren gehiegizko kontsumoa murriztea (% 63), erregaiei zerga bat ezartzea (% 56), etxeko hondakinak bereiztera behartzea (% 50) eta energia berriztagarrien gaitasuna areagotzea (% 49). Adostasun gutxieneko neurria ordezko energiengatik prezio handiagoa ordaintzea izan zen (% 23).

15 urteko eta gehiagoko biztanleen % 85ek Internet erabili zuten 2021ean: emakumeen % 83k eta gizonen % 87k. 64 urtetik gorakoen ia erdiek (% 49) Internet erabili zuten urte horretan: adin-tarte horretan, Interneten erabileran sexuen artean dagoen ehuneko 8 puntuko arrakalak (emakumeen % 46 eta gizonen % 54) bikoiztu egiten zuen arrakala biztanleria osoan.

Internet erabili zuten 65 urteko eta gehiagoko ia biztanle guztiek (ia % 100) komunikaziorako eta informazioa eskuratzeko zerbitzu gisa baliatu zuten. WhatsApp-en eta berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen erabilera nabarmentzen da; emakumeen % 96 eta gizonen % 91. Erdiak baino gehiagok (% 51) entretenimendurako eta sormenerako erabili zuten (emakumeen % 47 eta gizonen % 56), eta % 34k, osasuna kudeatzeko tresna gisa, informazioa bilatzeko eta, neurri txikiagoan, medikuarekin hitzordua eskatzeko. Internet erabili zuten adinekoen % 26k administrazio elektronikoa erabili zuten, baina gizonen artean erabilera (% 36) bikoiztu egin zen, emakumeen erabileraren (% 18) aldean.

Egilea Andoni Beitia