Eroski taldeak ekitaldi honetako lehen seihilekoko kontuak itxi ditu, 2022ko uztailaren 31n, 46,8 milioi euroko emaitza positiboarekin. Mozkin hori finantza-kostuak murrizteak bultzatu du neurri handi batean, zor-kopuru txikiagotik eta aparteko inpaktu txikiagoetatik eratorritakoak.

Oro har, taldeak 2.633 milioi euroko negozio-zifra lortu du ekitaldiaren lehen erdian. Horrela, 10 puntu baino gehiagoko inflazio-testuinguruan, salmentak lau puntu igo dira. Hori, alde batetik, taldeak ekitaldiko lehen sei hilabeteetan egindako sustapen-ahaleginaren isla da, egungo inflazio-egoeraren aurrean kontsumitzaileei aurrezkia helarazteko. Bestalde, familiek erosketa-saski merkeago baterako duten joeraren ondorioa ere bada.

Alde horretatik, prezioen gorakadari eusteak eta sustapen-jarduera handitzeak, deskontuen eta eskaintzen bidez, 183,6 milioi eurora igo dute Eroskik familiei urteko lehen erdian egindako aurrezkia. Ahalegin horren eta elektrizitatea, garraioa edo alokairuak bezalako partidetako gastuen hazkundearen ondorioz, mozkin operatibo arrunta % 11 murriztu da, eta 94,3 milioi eurora iritsi da 2022ko lehen seihilekoan.

Rosa Carabel Eroskiko CEOak azpimarratu du ahalegin handia egiten ari garela inflazioak prezioetan dituen ondorioei eusteko. Horretarako, gure marjinak jaisten ari gara, jasaten ari garen kostuen igoera handia kontsumitzaileengan ez eragiteko.

Elikagai-negozioaren marjinak nabarmen murriztu dira; izan ere, gure gastu operatiboen presioaz gain, gure hornitzaileek eta ekoizleek beren tarifetan helarazten dizkigute haiek ere beren ustiapen-kontuan jasaten dituzten kostu-igoerak. Era berean, aurrezteko programa oso bizia jarri dugu martxan, egoera pixka bat eramangarriagoa izan dadin laguntzeko. Gure salmenta prezioen, gure promozio muturrekoen eta gure leialtze-klubaren bidez egiten dugu hori, Rosa Carabelek zehaztu duenez.

Azkenik, urtearen lehen zatian, Eroski taldeak 39,5 milioi euro inbertitu ditu, batez ere 60 supermerkatu birmoldatzeko eta 37 denda berri, zazpi supermerkatu propio eta 30 establezimendu frankiziatu irekitzeko, 355 lanpostu berri sortuz.

Egilea Andoni Beitia