Euskal AEko industria-ekoizpena 2022ko abuztuan 2021eko hil berekoa baino % 5,6 handiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera.

Abuztuan, aurreko hilarekin –2022ko uztaila– erkatuta, Euskal AEko industria-jarduerak % 2,4 egin du gora, urtaro-ondorioak zuzenduta.

2022ko abuztuko indizearen bilakaera, 2021eko abuztuarekin alderatuta, positiboa izan da industria-sektore guztietan. Energiaren sektorean, energia elektrikoaren ekoizpena eta hornikuntza eta petrolio-fintzea sartzen dira; ekoizpenean % 15,9ko hazkuntza izan da. Ekipo-ondasunek % 1,6ko gorakada izan dute. Haien artean honako hauek daude: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza. Urte arteko % 1,2ko igoera izan dute jardueran, bestalde, Bitarteko ondasunetako jarduerek. Sektore horretan, honako jarduera hauek sartzen dira, besteak beste: metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.

Kontsumo-ondasunek, bestalde, % 15,2ko igoera izan dute sektore osoan, Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunetan ekoizpenak % 15,8 egin duelako gora eta Kontsumo iraunkorreko ondasunetan, % 11,9. Kontsumo iraunkorreko ondasunen sektorearen barruan sartzen dira, besteak beste, honako jarduera hauek: altzarien eta etxeko aparatuen fabrikazioa. Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen epigrafean, elikagaien prozesatua eta kontserbazioa, garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta arropen jantzigintza sartzen dira.

Energia elektrikoa, gasa eta lurruna, pisu gehien dutenak

Maila bereiziagoan, Euskal AEko industrian pisu gehien duten sektoreen artean, 2022ko abuztuan urte arteko hazkuntza handiena honako hauek izan dute: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna, % 19,1ekin; Elikagaien, edarien eta tabakoaren industria, % 13,4rekin, eta Material eta ekipo elektrikoa, % 11,7rekin. Kontrara, ekoizpenean beherakadak izan dituzten sektore esanguratsuak honako hauek izan dira: Zurgintza, papera eta arte grafikoak, % 5,0 egin baitu behera, eta Garraio-materiala, % 0,8 egin baitu behera.

2022ko abuztuan, Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da Araban; bertan, % 2,6 egin du atzera industria-jarduerak. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, portaera positiboa izan da; % 12,2ko eta % 3,0ko hazkuntza izan dute, hurrenez hurren.

2022ko urtarrilaren eta abuztuaren arteko aldian, industria-sektorean hazkuntza metatua % 6,7koa izan da. Bilakaera positibo hori honako hauen portaera onaren ondorio izan da: Energia, Ekipo-ondasunak eta Kontsumo-ondasunak; haietan, aurten, orain arte, % 15,4ko, % 10,9ko eta % 5,2ko hazkuntza metatuak izan dira, hurrenez hurren. Kontsumo-ondasunen hazkuntza metatua Kontsumo ez-iraunkorren ondasunen bilakaera positiboaren (% 6,9) ondorio da; izan ere, Kontsumo iraunkorren ondasunek portaera negatiboa izan dute, % 1,1eko jaitsiera, urteko lehen zortzi hiletan.

Lurraldeen arabera, hirurek izan dituzte tasa positibo metatuak: % 8,5ekoa Bizkaian, % 5,8koa Gipuzkoan eta % 5,3koa Araban.

Egilea Andoni Beitia