Eustaten datuen arabera, Euskal AEn 2021ean dauden 913.819 familia-etxebizitzen artean edukitze-erregimenik ohikoena jabetza da, eta 772.458 etxebizitzari eragiten dio, hau da, guztizkoaren % 84,5 da. Bestalde, 123.479 etxebizitza alokairu-erregimenean daude (% 13,5), eta gainerako % 2a (17.882 etxebizitza) beste edukitze-erregimen modu batekin lotuta dago; horien artean ohikoena lagapena da.

Zifra horiek hamar urte lehenago —2011n— erregistratutakoekin alderatuz gero, aldakuntzarik handiena (eta positiboa) alokairu-erregimenean gertatzen da; izan ere, balio absolututan 52.596 etxebizitza nagusi gehiago daude, 2011ko % 8,2tik 2021ean aipatutako % 13,5era pasatuz, hau da, ehuneko 5,3 puntu gehiago, zifra erlatiboetan. Jabetzako edukitze-erregimenari dagokionez, ehuneko 1,4 puntu jaitsi da aldi horretan, % 85,9tik % 84,5era, nahiz eta 33.231 etxebizitza gehiago egon balio absolutuetan. Aldiz, beste edukitze-modu batzuek (gozamena edo administrazio-lagapena barne, besteak beste) behera egin dute, termino absolutuetan zein erlatiboetan, 32.530 etxebizitza gutxiago eta ehuneko 3,9 puntu.

Lurraldeka, jabetza-erregimeneko etxebizitza nagusien proportzioak aldaketa txikiak izan ditu 2021ean: Bizkaian beste bi lurraldeetan baino ohikoagoa da, etxebizitza guztien % 85,5 hartzen baititu; Araban, berriz, % 84,1 eta Gipuzkoan % 83,1. Hain zuzen ere, azken lurralde hori izan da aldakuntzarik handiena jasan duena 2011z geroztik; izan ere, % 86,4tik abiatzen zen eta ehuneko 3,3 puntu galdu ditu. Kontuan hartzekoa da, halaber, 2011z geroztik Arabak izan duen ehuneko 1,9 puntuko jaitsiera; urte horretan % 86ra iristen baitzen. Arlo horretan, Bizkaia da lurralderik egonkorrena, modalitate horren pisua ia ez baita aldatu (2011. urtean % 85,6).

Jabetza-modalitateari kontrajarriz, Gipuzkoa da, alokairuko etxebizitzen % 14,8rekin, alokairuko edukitze-erregimenean portzentajerik handiena duen lurraldea, eta, gainera, ehuneko 7,1 puntu igo da 2011ko datuekin alderatuz. Arabak, % 14,4rekin, eta 2011n baino ehuneko sei puntu gehiagorekin, Bizkaiak duen % 12,4a gainditzen du; lurralde horretan alokairu erregimenak ehuneko 3,9 puntu egin baitu gora 2011 eta 2021 urteen artean.

Gora egin du jabetzako etxebizitzak Araban

Eskualde-mailako xehetasunei erreparatuz, 2011ren aldean, jabetzako edukitze-erregimenak aldakuntza positiboa izan du Arabako Añana (ehuneko 4,9 puntu gehiago) eta Arabako Mendialdea (ehuneko 2,8 puntu gehiago) eskualdeetan; baita Bizkaiko Gernika-Bermeo (ehuneko 1,7 puntu gehiago) eta Enkartazioak (ehuneko 1,3 puntu gehiago) eskualdeetan ere. Alokairu-erregimenari dagokionez, eskualde guztietan aldaketa positiboak izan dira 2011. urtearen aldean. Hazkundeak Añanako ehuneko 2,7 punturen eta Donostialdeko 8,5 punturen artean kokatzen dira. Beste igoera aipagarri batzuk: Bidasoa Beherea (7,8 puntu gehiago), eta Arabako Lautada eta Urola Kosta (6,4 puntu gehiago bakoitzak).

Udalerriei dagokienez, 2021ean, Euskal AEko 251 udalerrietatik 233k gainditu egin dute 2011ko alokairuko etxebizitzen proportzioa. Hala ere, joera hori eman arren, soilik hamar udalerrik lortu edo gainditu dute alokairuko etxebizitzen ehuneko 10 puntuko hazkunde-muga: Ereñok (14 puntu gehiago), Iekorak (13 puntu gehiago), Zerainek (12,5 puntu gehiago), Lezak (12,3 puntu gehiago) eta Berrobik (11,3 puntu gehiago).

Jabetzako edukitze-erregimenari dagokionez, azken hamarkadan ehuneko 10 puntutik gorako igoerak izan dituzten sei udalerri daude; hauek dira: Olaberria (ehuneko 16,9 puntu gehiago), Gaintza (15,4 puntu gehiago), Turtzioz (13,5 puntu gehiago), Arakaldo (12,7 puntu gehiago), Gaztelu (11,1 puntu gehiago) eta Sukarrieta (10,4 puntu gehiago).

Alokairua, gazteen aukera

Azkenik, hiriburuei dagokienez, Gasteizen erregistratu dira jabetzako etxebizitza gehien (% 83,5), gero Bilbon (% 83,2) eta, urrunago, Donostian (guztizkoaren % 79,2). Gasteizen eta Bilbon aldakuntzak neurritsuak izan dira, 2,6 eta 1,6 puntu portzentual gutxiago, hurrenez hurren. Baina Donostian, azken hamarkadan izandako aldaketak nabarmenagoak dira, jabetzako etxebizitzen proportzioa ehuneko 6,7 puntu jaitsi baita (2011n % 85,9), eta alokairuko etxebizitzen proportzioa 10,9 puntu igo da, 2011ko % 8tik 2021eko % 18,9ra pasatuz.

Erreferentziako pertsonaren adinaren —pertsona hori etxebizitzan bizi den adin handieneko pertsonatzat hartuta— araberako edukitze-erregimena aztertuta, ondorioztatzen da, adinak gora egin ahala, etxebizitza jabetzan izateko probabilitateak handiagoak direla; hala, 30 urtetik beherakoen artean, etxebizitza jabetzan dutenen portzentajea % 59,7koa da; 30-44 urtekoen artean, % 74raino igotzen da, eta 65 urtetik gorakoen kasuan% 92,6koa.

Ondorioz, kontrakoa gertatzen da alokairu-erregimenean: adinak gora egin ahala beheranzko joera ematen da. Adinekoenen artean, % 4,3 baino pixka bat gehiago dira alokairuan, eta 30 urtetik beherakoen artean, berriz, etxebizitzen herena (% 37,6) dira.

Azkenik, erreferentziako pertsonaren sexuak aldaketa txikiak eragiten ditu edukitze-aukeren artean: gizonen % 86,3k etxebizitza jabetzan du, eta emakumeen kasuan % 82,4k; alokairuaren kasuan, ordea, ordena alderantzizkoa da.

Egilea Andoni Beitia