Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.170 milioi euro), 2022ko abuztuan, aurreko urteko hil beraren aldean, % 27,8ko igoera izan dute, produktu energetikoen % 61,0eko eta ez-energetikoen % 24,6ko igoeraren ondorioz, Eustaten datuen arabera.

Inportazioen kasuan (2.238 milioi), % 36,0ko igoera izan da. Inportazio ez-energetikoek % 31,7 egin dute gora, eta energetikoek, % 46,7.

2022ko abuztuan, merkataritza-saldo negatiboa izan da (–67,6 milioi) eta estaldura-tasa % 97,0koa.

Euskal AEko hiru lurralde historikoek hazkuntza-tasa positiboak izan dituzte, eta igoera-ehunekoa % 31,0koa izan da Bizkaian, % 30,8koa Gipuzkoan eta % 17,0koa Araban. Bizkaiko esportazio ez-energetikoek % 23,2 egin dute gora; Arabakoek, % 16,9, eta Gipuzkoakoek, % 31,0. Esportazio energetikoek, Bizkaiaren kasuan, % 62,1 egin dute gora.

Araban, esportazioak honako hauetan kontzentratu dira: “Garraio-materiala” (guztizkoaren % 35,5), % 0,2ko jaitsierarekin (155,9 milioi esportatu, guztira); “Metalak eta haren manufakturak” (urte arteko % 79,1eko igoera), eta “Plastikoak, kautxua eta haien manufakturak” (% 15,5). Hiru “arantzel-sekzio” horiek hil honetan ere pisu espezifiko handienekoak izan dira.

Gipuzkoan, gora egin dute hiru arantzel-partida nagusien salmentek: “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 38,2), “Papera eta haren manufakturak” (% 43,6) eta “Garraio-materiala” (% 71,9).

Bizkaiaren kasuan, hazi egin dira “Metalak eta haien manufakturak” partiden esportazioak (% 11,0), bai eta “Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” (% 15,2) eta “Produktu mineralak eta energetikoak” (% 60,3) partidenak ere. Partida esanguratsuenen artean, behera egin dute “Produktu kimikoek” (–% 25,6) eta “Garraio-materialak” (–% 2,1). Hilabete honetan, esanguratsua da “Koipe eta olioen” esportazioen igoera handia (% 536,6).

2022ko abuztuan, bost herrialdek (Frantzia, Alemania, Herbehereak, Belgika eta Erresuma Batua) eratu dute Euskal AEren bezero nagusien taldea; esportatutako guztizkoaren % 52,2 hartzen dute (1.132,9 milioi). Haietako lau EB27koak dira; entitate horri % 67,9 dagokio.

Frantziara eginiko esportazio kopurua % 14,7 hazi da, Alemaniara eginikoa % 21,5, Herbehereetara eginikoa % 69,1, Belgikara eginikoa % 104,6 eta Erresuma Batuara eginikoa % 17,5; era berean, Italiara (% 7,6), Portugalera (% 47,3) eta Suediara (% 196,0) eginikoak ere areagotu dira. Europatik kanpora, Estatu Batuetakoak handitu dira (% 6,2) eta txikitu Txinakoak (–% 26,4) eta Errusiakoak (–% 59,6).

Gure inportazioen % 46,7 EB27tik etorri dira. Europako herrialde garrantzitsuenen artean, Irlanda nabarmentzen da gehien, % 165,1eko urte arteko hazkuntza izan baitu, eta, ondoren, Suedia (% 49,4), Frantzia (% 40,1), Herbehereak (% 30,7), Alemania (% 24,0) eta Italia (% 8,5). Hazkuntza-tasa positiboa da EB eratzen duten herrialdeetako 21en aldean. Erresuma Batuan, % 34,3ko atzerapena egon da. Munduko gainerako herrialdeak aztertuta ikusten da Txinan jatorria duten inportazioek ere gora egin dutela (% 30,6 milioi inportatu), bai eta beste herrialde batzuetan jatorria dutenek ere, besteak beste: Mexiko (% 28,4 eta 127,5 milioi), Angola (% 112,4 eta 102,4 milioi) eta Estatu Batuak (% 520,3 eta 267,3 milioi). Azken hiru horiek energetikoak dira. Errusiaren kasuan, % 98,9ko atzerakada egon da; 2021eko abuztuan 194,7 milioi izatetik 2022ko hil berean 2,2 milioi izatera igaro da; horiek guztiak “ez-energetikoak” izan dira.

Gure inportazio energetikoak honela banatu dira: 344 milioi Amerikakoak (% 49,5) eta, haietatik, 220,5 milioi Estatu Batuetakoak; 183 milioi Asiakoak (% 26,4), 102 milioi Afrikakoak (% 14,8) eta 65 milioi Europakoak (% 9,3).

Xehetasunak ikusteko, 2022ko abuztuan ikusten da hamar arantzel-partida nagusiek esportazioen % 38,8 kontzentratu dutela; baterako balioa 842 milioi eurokoa izan da.

Nabarmentzekoak dira, talde horren barruan, “aduana-tarifan berariaz jasota ez dauden merkantziak” partidaren igoera (% 1.720,0 eta aurreko urteko hil berean baino 47,2 milioi gehiago), eta, espektroa 25 partida nabarmenetara zabaltzen badugu, nabarmentzekoa da “animalien edo landareen koipeak eta olioak, erabilera tekniko industrialetara bideratuak” partida, ez esportatzetik 21,5 milioi esportatutara egin baitu, bai eta “soja-olioa” ere (% 2.201,2 ea 17,9 milioi).

Trenak

Nabarmentzekoak dira, erabat, honako hauen igoerak: “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” (ez esportatzetik 78,6 milioi esportatutara egin baitu) eta “Petrolioaren olio finduak” (% 72,8 eta aurreko urteko hil berean baino 95,5 milioi gehiago).

Esanguratsuak dira, era berean, besteak beste, honako partida hauetako hazkuntza-tasak: “Hodiak eta profilak hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak” (% 87,7 eta 38 milioi esportatu), “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak” (% 54,9 eta 48,7 milioi) eta “Ibilgailuen zati eta osagarriak” (% 24,0 eta 165,9 milioi).

Esportatutako hogeita bost partida nagusietatik, bik baino ez dituzte izan hazkuntza-tasa negatiboak: “Salgaiak garraiatzeko ibilgailuak” (–% 13,8 eta 45,1 milioi esportatu) eta “Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” (–% 36,7 eta 28,9 milioi).

Inportazioen kasuan, arantzel-partidetan, garrantzitsuenak, “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinak” (guztizkoaren % 17,9) partidak, % 28,6ko hazkuntza izan du, 2021eko hil berean baino 89 milioi gehiago, 400,7 milioiko guztizko erosketetan, honela banatuta: 176,2 milioi Kazajstangoak, 122,1 milioi Mexikokoak, 102,4 milioi Angolakoak eta 47 mila euro Alemaniakoak.

Joera positibo hori arantzel-partida nagusi gehienek izan dute, eta haien artean nabarmentzen da “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” partidaren hazkuntza (% 326,8 eta 220,8 milioi inportatu), ia guztia “Gas naturala” (% 99,9), hil honetan Estatu Batuetakoa (220,5 milioi). Era berean, honako hauen igoerak ere nabarmentzen dira: “Ekilore-olioa” (% 220,6 eta 19 milioi), “Elikagai eta edarien industrietan erabilitako gai usaintsuen nahasketak” (% 186,9 eta 63,3 milioi), “Industria kimikoko eta lotutako beste prestakin eta produktu batzuk” (% 176,7 eta 82 milioi) eta “Landu gabeko aluminioa” (% 60,6 eta 32 milioi), garrantzitsuenen artean.

Hodiak eta profilak hutsak

Araban, esportazioek % 17 egin dute gora, neurri handi batean hil honetan “hodiak eta profilak hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak” partidak izan duen igoera handiagatik (% 268,0 eta 34,6 milioi esportatu, aurreko urteko hil berean baino 25,2 milioi gehiago). Esportatzeko ahalegin horretan honako hauek ere parte hartu dute: “Motorra duten edo ez duten aireontzien zatiak, tripulatuak izan edo ez, eta satelite eta ibilgailu espazialen zatiak” (9,5 milioi esportatu), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (% 4,9 eta 59,2 milioi esportatu), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 22,1 eta 36,9 milioi) eta “Burdinako edo altzairuko beste tutu batzuk eta profil hutsak” (% 50,2 eta 17,8 milioi), besteak beste.

Bizkaiko lurralde historikotik eginiko esportazioek % 31,0 egin dute gora, aurreko urtearekin alderatuta. Hamar partida nagusietatik, kopuru osoaren % 52,7k, hazkuntza-tasa handienak izan dituztenak, honako hauek dira: “Petrolioaren olio finduak” (% 74,2 eta 225,3 milioi esportatu), “Aduana-tarifan berariaz jasota ez dauden merkantziak” (% 2.261,3 eta 47,9 milioi esportatu), “Soja-olioa” (% 2.201,2 eta 17,9 milioi), “0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xaflak eta tirak” (% 72,2 eta 40,4 milioi), “Turborreaktoreak, turbopropultsatzaileak eta gainerako gas-turbinak, bere piezak eta osagaiak barne” (% 65,1 eta 17 milioi) eta “Animalien edo landareen koipeak eta olioak, erabilera tekniko industrialetara bideratuak” (21,5 milioi esportatu).

Gipuzkoako esportazioek % 30,8 egin dute gora, eta, haien partida nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako”, guztira 78,6 milioi esportatu; kopuru horretatik, 24,5 milioi Suediari, 23,1 milioi Herbehereei, 17,2 milioi Erresuma Batuari, 11 milioi Belgikari eta 2,7 milioi Norvegiari. Bestalde, “Gidaria barne hamar pertsona edo gehiago eramateko ibilgailu automobilak” ere nabarmentzen da (% 2.115,2 eta 14,7 milioi esportatu); kopuru horretatik, 12,1 milioi Bulgariari dagozkio, 1,3 milioi Israeli eta 0,9 milioi Erresuma Batuari. Eta “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak” (% 60,1 eta 46,3 milioi) eta “Ibilgailuen zati eta osagarriak” (% 31,2 eta 61,2 milioi) ere nabarmentzen dira.

2022ko lehen zortzi hilotan, Euskal AEko esportazioek % 30,82ko igoera izan dute, aurreko urteko aldi beraren aldean; alegia, 5.038,7 milioi euro gehiago. Aldi horretan, zenbateko esportatzailea 21.389 milioikoa izan da, eta kopuru horri Bizkaiak egin dio ekarpenik handiena, 8.889,1 milioikoa (guztizkoaren % 41,6), gero Gipuzkoak (6.532,6 milioi) eta, ondoren, Arabak (5.967,3 milioi).

Bizkaia, hazkuntza handiena

Bizkaiko esportazioek, gainera, urte arteko hazkuntza handiena izan dute (% 35,2), 2021ean baino 2.314 milioi gehiago. Araban, hazkuntza % 27,8koa izan da (1.297,5 milioi gehiago) eta, Gipuzkoan, % 28,0koa (1.427,3 milioi gehiago).

Esportatutako produktu mota kontuan hartuta, egiaztatu da esportazioek hazkuntzak izan dituztela, bai “Produktu energetikoenek” (1.069,2 milioi gehiago), bai “Produktu ez-energetikoenek” (3.969,5 milioi gehiago 2021eko aldi bereko metatua baino).

Gehien saldu diren hamar produktuek (arantzel-partidak) guztizkoaren % 40,8 kontzentratzen dute, 8.729,6 milioiko zenbatekoarekin. Esportazioen rankingeko lehen 31 posizioek, haietako batek izan ezik, hazkuntza-tasa positiboak izan dituzte.

“Petrolioaren olio finduak” Euskal AEko esportazio-bolumen handiena duen partida da (1.746,9 milioi esportatu eta % 149,1eko hazkuntza-tasa).

Gehien hazi diren produktuen artean honako hauek nabarmendu behar dira: “Automotorrak, trenbideetarako eta tranbia autopropultsatuetarako” (% 800,2 eta 305,9 milioi euro esportatu) eta “Hodiak eta profilak hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak” (% 116,3 eta 426,3 milioi). Zerrenda horretako gainerako produktuen kasuan, nabarmentzeko moduko aurrerapenak “10 pertsona baino gutxiagoko turismoei” dagokien % 13,5en (1.542,8 milioi esportatu) eta “0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xafla eta tiren” % 56,0ren (369,7 milioi) artean daude.

Kontuan hartzeko moduko beste hazkuntza batzuk honako hauek dira: “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak”, “Ibilgailuen zati eta osagarriak”, “Salgaiak garraiatzeko automobilak” eta “Kautxuzko pneumatiko berriak”; % 51,2ko, % 20,7ko, % 20,3ko eta % 19,6ko aldakuntza positiboak dituzte, hurrenez hurren.

Frantzia, helmuga nagusia

Frantzia izan da esportazioen helmugako herrialdeen sailkapeneko buru (3.306,5 milioi), kontuan hartu den aldian, eta, ondoren, oso gertutik, Alemania (3.269,1 milioi) eta, urrunago, Herbehereak (1.468 milioi), Estatu Batuak (1.370,7 milioi) eta Erresuma Batua (1.333,8 milioi); hala, bost herrialdeen artean, esportazioen % 55,6 hartzen da.

Euskal AErako inportazioen metatua 19.363 milioi euro ingurukoa da. Zifra hori urte artean erkatuz gero, 2021eko aldi berean erregistratutakoa baino 6.341,2 milioi handiagoa dela ikusten dugu. % 48,7ko gorakada hori izan da, zati handi batean, Bizkaiko lurraldean (11.857 milioiko balioa duten inportazioak ditu) % 63,9ko gorakada egon delako, alegia, aurreko urteko aldi berean baino 4.622,3 milioi gehiago. Araban ere inportazioek aurrera egin dute, % 28,7, 827,9 milioi euro gehiago, eta, Gipuzkoan, % 30,7ko igoera izan dute eta 891 milioi euro gehiago; inportatutakoaren balioa 3.714,3 eta 3.791,7 milioi euro izanda, hurrenez hurren, bi lurralde horietan.

“Produktu energetikoen” inportazioak % 116,1 egin du gora, aurreko urteko aldi beraren aldean, eta “Produktu ez-energetikoenak”, % 31,7.

Euskal AEko ondasunen kanpo-merkataritzak, 2022ko lehen zortzi hiletan, 2.026 milioi euroko saldo positiboa izan du, eta aldeko estaldura-tasari eustea dakar, % 110,5ekoa.

Avatar

Egilea Andoni Beitia