Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azaroaren 17ra arte ireki du hezkuntza administrazioaren mendeko ikastetxeak dituzten udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko eskabideak aurkezteko epea.

Udalaguntza izenez ezagutzen den eta 7 milioi euroko zuzkidura duen deialdi honetan parte hartu ahal izango dute lehen aipatutako ezaugarriak dituzten ikastetxeetan (normalean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan) hobekuntza-obren proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek.

Deialdi honen bidez finantza daitezkeen obrak 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta 2023ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute.

Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak balorazio-batzordeak onartutako obren aurrekontuaren % 60 estaliko du, gehienez ere 360.000 euro eskabide bakoitzeko. Gainerako % 40a proiektua aurkezten duen udalak hartzen du bere gain.

Beraz, balorazio-batzordeak onartutako aurrekontua 600.000 eurotik gorakoa duten eskaerei muga hori kontuan hartuta aitortuko zaie laguntza.

Deialdi honen bidez finantzatutako jarduketetan, hezkuntza-eraikinen irisgarritasuna hobetzeko obrak sartzen dira, baita haien instalazioak eguneratzeko eta egokitzeko obrak ere, hala nola barneko edo kanpoko arotzeria ordeztea; fatxada eraberritzea; patioak eta jolas-eremuak zolatzea; energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; estalkiak berritzea; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berokuntza-instalazioa eraberritzea, besteak beste. Deialdi honen barruan ezin dira finantzatu eraikinaren lehen ezarpeneko, kontserbazioko eta mantentze-lanetako obrak.

Aurten, 2022an, Udalaguntza osatzeko deialdia egin da
Hezkuntza Sailaren Patio Inklusiboak sortzea (joan den uztailaren 5eko Gobernu Kontseiluan onartua).

Beste 7 milioiko zuzkidurarekin, deialdi berri hau beren titulartasuneko eskola-instalazioetan jolas-gune inklusiboak sortzeko obrak egiten dituzten udalentzat da, eta karpekin bezala, Hezkuntza Sailak jardueraren kostuaren % 90 finantzatzen du.

Egilea Andoni Beitia