Gazte Ekoliderrak prestakuntza-ibilbidean parte hartzeko deialdia astelehen honetan ireki da, eta abenduaren 2ra arte egongo da zabalik. Programa Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dute, UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioaren laguntzarekin, eta gazteak iraunkortasunean eta lidergoan trebatzea du helburu.
Guztira, 18 eta 30 urte bitarteko 30 gaztek izango dute programa honetan parte hartzeko aukera, eta bi erakunde antolatzaileek % 80ko beka emango diote. ‘Lurra deika ari zaizu’ da aurtengo edizioaren leloa.
Antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez, iraunkortasunaren esparruan, ikasleek kontsumo berdea eta zirkularra, ekofeminismoa, fiskalitatea eta finantza berdeak, eraldaketa energetikoa eta biodibertsitatea bezalako gaiak landuko dituzte. Lidergoari dagokionez, “lidergo pertsonalean, lidergo kolektiboan, elkarrizketan eta entzutean eta lidergo eraldatzailean” sakonduko da.
Azkenik, gazteen aktibismoa bultzatzeko, berrikuntza soziala bezalako kontzeptuak aztertzeaz gain, “eraldaketan lanean ari diren eragileekin konektatzeko eta aldaketarako ekintza zehatzak antolatzeko” aukera izango dute parte-hartzaileek.
Gainera, beren ideiak benetako proiektu bihurtzeko helburuarekin, parte-hartzaileek beren proiektuen prototipoak egiteko lehen urratsak emateko aukera izango dute, tutoreen eta profesionalen laguntzarekin. Prozesu osoan zehar, iraunkortasunean, lidergoan eta ekintzailetzan adituak diren pertsonek osatutako koordinazio-taldearen laguntza izango dute ikasleek, eta banakako jarraipena eta aholkularitza egingo dute.
Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendariak azpimarratu duenez, “belaunaldi berriak kezkatuta eta sentsibilizatuta daude klima-aldaketaren aurkako borrokan eta jasangarritasun-irizpideak txertatuko dituen eredu sozial eta ekonomikoaren aldaketa bultzatzean”. Gaineratu duenez, “eraldatzeko gaitasun handia duten funtsezko eragileak dira, eta Gipuzkoaren etorkizun iraunkor eta jasangarrirako eredu ekonomiko berde eta jasangarrietarako trantsizioa bultzatzen lagunduko dute”.
% 80ko beka
Gazte Ekoliderrak programak % 80ko beka du. Prestakuntzak 2.130 euroko kostua du pertsonako, baina parte-hartzaileek guztira 390 euro ordainduko dituzte (diruz lagundutako prezioa) eta plaza kopurua mugatua da. Parte hartzeko baldintzei dagokienez, beharrezkoa da elebiduna izatea eta eskolen % 80ra joan ahal izatea.
Bestalde, Kakun Orbegozo Kutxa Fundazioko ordezkariak azaldu duenez, “ibilbidea aberastu egiten da iraunkortasun gaietan aktibatzeko interesa duten gazteekin”. “Aniztasunari, bizi-esperientziei eta parte-hartzaileen helburuei esker, areagotu egiten dira eta aldaketara laguntzeko gogoa berrelikatzen dute”, gaineratu du.
Gainera, Itziar Alkorta UIKeko zuzendari akademikoak adierazi duenez, Donostia Sustainability Forum ekimenaren barruan, prestakuntza-eskaintza horrek “gazteen etorkizuneko lidergo-eredua finkatzen” laguntzen du.
2022ko urtarriletik ekainera, prestakuntzak aurrez aurreko saioak, online eta banakako lana izango ditu, 140 orduko prestakuntza-prozesua 6 hilabetez, guztira. Aurrez aurreko saioetan, egun eta erdiko hiru egonaldi egiten dira, elkarbizitzako asteburuak, lidergo pertsonala, prototipoak eta ekintza lantzeko.
Aurten, Gazte Ekoliderak programaren baitan garatutako proiektuetako bat, ‘Gazte Jasa’, sartuko da programan, “aktibazio inguruneak sortzea” helburu duena. “Aurreko edizioko parte-hartzaileek beren proiektuei eta ideia berriei forma ematen jarraitzen dute, eta helburu hori edizio honetako parte-hartzaileekin ere lortzea espero da, etorkizunean ere ekologoen sarea sortzen eta handitzen jarraitzeko”, adierazi dute.