Jochen Eickholt Siemens Gamesako CEOak konpainiak Euskadirekin duen “konpromisoa” helarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari, duela gutxi Zamudion kaleratzeak iragarri ostean izandako bilera batean.
Konpainiako iturriek jakitera eman dutenez, Eickholt Urkullurekin eta Arantxa Tapia sailburuarekin bildu da astearte honetan Gasteizen, eta “Siemens Gamesak Euskadirekin duen konpromisoa eta konpainiaren jarduerarentzat duen garrantzia” berretsi du.
Bere datuen arabera, Siemens Gamesak euskal hornitzaileei egindako erosketak 322 milioi eurokoak izan ziren iaz, eta horrek “Espainian kokatzen ditu lehen postuan, konpainiak Espainiako hornitzaileei egindako erosketa guztien % 29rekin”, nabarmendu dute.
Enpresako arduradunak gogorarazi duenez, Siemens Gamesak 1.000 langile inguru ditu Euskadin, Zamudioko bulegoetan eta Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia) dituen bi lantegietan banatuta.
Eickholtek energiaren sektorearen eta industria eolikoaren egoerari buruz ere hitz egin du lehendakariarekin eta Tapia sailburuarekin, eta Mistral izeneko konpainiaren eredu operatibo berria azaldu du, egitura sinplifikatu eta arinagoa duena.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako iturriek ez dute baloraziorik egin nahi izan enpresak eskatuta Euskadin duten egoera azaltzeko egin den bileraren inguruan.
Siemens Gamesak Espainiako Estatuan 475 langile gutxiago izango dituela iragarri eta gutxira bildu dira EAEko agintariak.
Zamudioko, Madrilgo eta Sarrigurengo bulego korporatiboetan egingo da doikuntza, 352 kaleratze izango baitira bi urtez luzatuko den prozesuan. Espainiako Estatuko gainerako irteerek kontratua berritzen ez zaien 80 behin-behineko langileri eta errotazio naturaleko 43 lanposturi eragingo diete.