Gasteizko Quirón Salud ospitaleko enpresa-batzordeak (90 langile) eta zentroko zuzendaritzak hitzarmen kolektiboari buruzko akordioa lortu dute, irailean eta urrian sei eguneko greba egin ondoren.
Akordio horren arabera, lau urtean % 16,25eko soldata-igoera izango da, KPIarekiko lotura-klausularekin, fidelizazio-plusa hobetuko da, lanaldia 8 orduz murriztuko da eta guardia lokalizatuen, aurre-erretiroen eta eszedentzien baldintzak hobetuko dira.
Hitzarmen berriak, gainera, baimen berriak sortuko ditu, hala nola norberaren aukerako egun bat izateko eskubidea edo senideei kontsulta medikoetara laguntzea, ELAko bost kidek osatzen duten enpresa-batzordeak jakinarazi duenez.
Azken bi hilabeteetan langileek sei greba egun “arrakastaz” egin ostean iritsi da akordioa, eta indarrik gabe utzi du ostiral honetarako, hilak 28, beste lanuzte egun baterako deialdia.