Euskal AEko lehen sektorean, IKT ekipamenduek –Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek– hobetzen jarraitzen dute 2022an, 2019arekin alderatuta, Eustaten datuen arabera.
Gaur egun, % 77,8k ordenagailua dute, % 68,1ek posta elektronikoa, % 73,4 Internetera konektatuta daude, eta % 93,2k sakelako telefonoa erabiltzen dute. Ehuneko horiek, 2019an, % 76,4, % 63,2, % 73,1 eta % 91,6 ziren, hurrenez hurren. Gainera, 2022an, sarean % 7,7 daude Web-orri bidez, eta % 10,6k egiten dute merkataritza elektronikoa, eta 2019an % 7,8 eta % 5,4 ziren, hurrenez hurren.
IKT ekipamenduen hobekuntza hori gorabehera, lehen sektoreko establezimenduak, telefono mugikorrean izan ezik, oraindik urrun daude Euskal AEko ekonomiaren gainerako sektoreetatik 2022an; izan ere, batez beste, horietan ordenagailuen eskuragarritasuna (% 94,2), posta elektronikoa (% 91,6) edo Interneterako sarbidea (% 92,8) handiagoak dira oraindik. Web-orria duten edo merkataritza elektronikoa egiten duten enpresei dagokienez, sektore guztien batezbestekoa % 52,8 eta % 27,4 da, lehen sektorean Web-orria dutenen % 7,7tik eta merkataritza elektronikoa egiten dutenen % 10,6tik oso gora.
Sektore honetako erabilera-ehuneko txikiago horien azalpena establezimendu gehienen tamaina txikiagatik izan daiteke (% 86 dira 2 langile edo gutxiagokoak), eta horrek zaildu egiten du horietako askok ekipamendu horiek eskuratzea.
Hala, egoera oso bestelakoa da establezimenduen tamaina kontuan hartuz gero. Euskal AEko lehen sektoreko 10 langile eta gehiagoko establezimenduek, Web-orrietan izan ezik, gainerako jarduera-sektoreen antzeko IKT ekipamenduak dituzte. Hala, tamaina horretan, lehen sektoreko ekipamenduen batezbestekoa ordenagailua duten establezimenduen % 95,7ra iristen da, posta elektronikoa dutenen % 90,5era, Internetera sartzen direnen % 94.2ra edo telefono mugikorra dutenen % 100era. Guztiarekin ere, Web-orria izatea edo merkataritza elektronikoa egitea % 29,1 eta % 19,4tan dira, hurrenez hurren, eta ehuneko horiek sektore guztien batezbestekotik urruti daude.
Aipagarria da ezen lehen sektoreko ehunekoak oso ezberdinak direla nekazaritzako enpresen eta arrantzakoen artean. Hondarreko horiek askoz ere ehuneko handiagoak dituzte ekipamendutan. Hala ere, arrantza-enpresek ia ez dute eraginik lehen sektorearen guztizkoan, % 4 baino ez baitira.
Ustiategiaren tamainak ere badu eraginik
Nekazaritza-sektorean, teknologia horien erabilgarritasuna % 92,9koa da telefono mugikorrean, % 77,3koa ordenagailuetan, % 67,5ekoa posta elektronikoan eta % 73,0koa Interneten. Arrantza-sektoreko enpresetan, berriz, portzentaje horiek % 100era igotzen dira telefono mugikorrean, % 91,3k ordenagailuak dituzte, % 82,1ek posta elektronikora jotzen dute, eta % 82,8 Internetera konektaturik daude. Web-orriak, bestalde, nekazaritzako establezimenduen % 7,4k eta arrantzako establezimenduen % 16,0k dituzte, eta merkataritza elektronikoa, berriz, % 10,4k eta % 17,4k egiten dute, hurrenkera berean.
Alde horiek ez dira jardueragatik soilik gertatzen; ustiategien tamainak ere badu eraginik. Nekazaritza-sektorean ia establezimendu guztiak (% 98,9) 10 langile baino gutxiagokoak dira, baina arrantza-sektorean banaketa handiagoa dago 10 langile baino gutxiagoko enpresen (% 63,1) edo 10 eta gehiagokoen artean (% 36,9).
Interneterako sarbidea duten establezimenduei dagokienez, % 81,4k konexio finkoak dituzte, eta % 97,1ek konexio mugikorrak. Lehendabizikoen artean, Kablea (zuntz optikoa) nabarmentzen da, % 50,8; ondoren, ADSL lineen erabilera, % 38,0, eta Beste konexio finko batzuk, % 5,4. Azken horien artean, arrantza-sektorean, satelite bidezko hari gabeko teknologien erabilera nabarmentzen da.
Azkenez, lehen sektoreko establezimenduen % 92,9k izapide edo zerbitzuren bat egin du Administrazio Publikoarekin Internet bidez 2022an. Izapidetze hori zuzenean egin daiteke, % 48,0, eta hirugarrenen bidez (aholkularitzak…), % 76,1. Sektore horretako 10 langile edo gehiagoko establezimenduak soilik kontuan hartuz gero, ehuneko hori % 95,4ra igotzen da.