Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneotan, Euskal AEko industria-produkzioa 2021eko hil berean izanikoa baino % 3,7 handiagoa izan da 2022ko irailean.
Irailean, aurreko hilabetearen, 2022ko abuztuaren, aldean, Euskal AEko industria-jarduera % 2,4 jaitsi da, urtaro-ondorioak behin zuzendurik.
2022ko iraileko indizearen bilakaerak, 2021eko irailaren aldean, portaera positiboa izan du industria-sektore handi ia guztietan. Energian (hor sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolio-fintzea), ekoizpen-indizea % 15,0 igo da. Ekipo-ondasunetan, non motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialen egitea eta aireontziak edo itsasontziak egitea sartzen diren, % 6,9 hazkundea izan da.
Kontsumo-ondasunek % 2,0ko hazkundea izan dute sektorean oro har, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 5,0ko igoera izan baitute, ezen Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 8,4ko jaitsiera izan dute. Kontsumo-ondasun iraunkorren artean daude, besteak beste, altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren epigrafean honako hauek daude: elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta jantziak egitea.
Bitarteko ondasunak, berriz, berean mantendu dira (% 0,0) urte artean. Sektore horretan sartzen dira metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxu eta plastikozko produktuen fabrikazioa.
Garraio materiala eta energia elektrikoa, garrantzitsuenak
Maila bereiziago batean, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2022ko irailean igoera handienak izan dituztenak, urtetik urtera, honako hauek izan dira: Garraio-materiala (% 17,8), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 14,2) eta Makineria eta ekipoa (% 5,9). Aitzitik, sektore nagusi hauetan egin du behera produkzioak: Zura, papera eta arte grafikoak (% 10,2 behera), Material eta ekipo elektrikoa (% 5,1eko jaitsiera) eta Kautxua eta plastikoa (% 1,6koa).
Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da 2022ko irailean Araban (% 14,5 gora) eta Bizkaian (% 5,2). Gipuzkoan, aldiz, portaera negatiboa izan da, % 3,2ko jaitsierarekin.
2022ko urtarriletik irailera bitarteko aldian, industria-sektore osoan metatutako hazkundea % 6,4koa izan da. Bilakaera positibo hori hala Energiaren nola Ekipo ondasunen portaera onari zor zaio; izan ere, aurten % 15,3ko eta % 10,6ko hazkunde metatuak dauzkagu, hurrenez hurren.
Lurraldeka, hiruretan atzematen dira tasa metatu positiboak: % 8,1 Bizkaian, % 6,2 Araban eta % 5,0 Gipuzkoan.