Añanako XII. Jardunaldi Gastronomikoak Arabako kuadrillako hainbat herritan egingo dira datorren asteburuan, eskualde horretako jatetxeen produktuak eta sukaldaritza-eskaintza ezagutarazteko.

Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, menu bereziak eta herri-jarduerak barne hartzen dituen ekimen honen bidez, Añanako sukaldaritzako tokiko ekoizleen eta sektore profesionalaren lana goraipatu nahi da.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Javier Uriarte Añanako Kuadrillako presidenteak, jardunaldi hauen aurkezpenean, enpresa ekoizleen eta jatetxeen lankidetza nabarmendu dute, “publiko orori irekitako eskaintza gastronomiko eta aisialdi erakargarri bat eratzeko”.

Asteburuan zehar menu bereziak dastatu ahal izango dira jatetxe hauetan: Angosto Camping (Villanañe), Arasur (Ribavellosa), La Kabaña (Espejo), Merendero Rosa (Nanclares de la Oca), Ondondo (Kuartango), Añanako Jauregia (Gesaltza Añana), XXI. menua (Langraiz Oka) eta Txoriarte (Berantevilla). Bestalde, El Roble Verde kanpinean (Nuvilla) eta Uribarri Gaubeko batzokian (Valdegovia), menuez gain, horretarako sortutako pintxo bereziak dastatu ahal izango dira.

Programak publiko guztientzako jarduerak biltzen ditu, hala nola ‘Janariarekin bai jolasten da’ tailerra, azaroaren 12an, larunbata, Sobrongo Uraren Museoan egingo dena. Bertan, haurrek dieta orekatu eta osasungarri baten garrantzia ikasiko dute, dauden zereal moten bidez.

Datorren iganderako aurreikusita dauden ekintzen artean, Varonatarren Dorre-Jauregira bisita gidatua egingo da, eraikin honen kondairak eta sekretuak ezagutarazteko.

Añanako Kuadrillako XII. Jardunaldi Gastronomikoek Slow Food Araba elkartearen laguntza dute. Elkarte horrek zeregin aktiboa du elikadura ona eta gizartearekin, nekazaritzarekin eta ingurumenarekin duen harremana zabaltzeko.

Avatar

Egilea Andoni Beitia