Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du “uste sendoa” duela Euskadiren etorkizunak berrikuntza behar duela, eta Euskadin talentua garatzea, erakartzea eta atxikitzea errazten duten faktore guztiak indartzearen alde egin du.

Urkulluk amaiera eman dio asteazken honetan Donostian Global Innovation Day ekimenaren hamaikagarren edizioari. Innobasquek antolatu du ekitaldia, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua izan dira bertan, besteak beste.

Bere hitzaldian, nabarmendu du Euskadi herrialde “berritzaile indartsuen” artean dagoela Europako rankingean, eta hamargarren postuan dagoela Europar Batasuneko 27 herrialdeen artean, Alemaniaren atzetik.

“Ez gara konformatzen, aurrera egiten eta ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen jarraitu nahi dugu, Eusko Jaurlaritza lehena”, azpimarratu du lehendakariak. Puntu horretan, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu duen 2023rako Aurrekontu Proiektuan I+G+b sustatzeko partidak % 12 handitzea aurreikusten dela, bi urtean “Europarekin bat egiteko” helburuarekin.

Halaber, Euskadin “talentuaren garapena, erakarpena eta atxikipena errazten duten faktore guztiak indartzen jarraitzearen” alde egin du, ikerketaren eta berrikuntzaren aurrerapenerako “aktibo kritikoa” baita.

“Ziurgabetasunaren eta moteltze ekonomikoaren aurrean, berrikuntzarekiko eta pertsonekiko eta haien talentuarekiko konpromisoari eusten diogu”, nabarmendu du.

Azkenik, Lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkio Innobasqueri, jardunaldiaren antolatzaileari, “ekintzekin erakutsitako konpromisoagatik”, sozializatzeko gaitasunagatik eta “berrikuntzaren aldeko mobilizazioagatik”.

Egilea Andoni Beitia