2021ean, barneko I+G jarduerako gastua (ikerketa eta garapen teknologikoa) 1.647 milioi eurokoa izan da, guztira, Euskal AEn; zifra hori I+Gko gastuan sekula izan den handiena izan da, Eustatek prestatu dituen datuen arabera. Alegia, aurreko urtean baino 157 milioi euro gehiagoko gastua izan da; % 10,5 egin du gora. BPGd-aren gaineko I+Gko jardueretako gastua % 2,11koa izan da 2021ean, 2020an baino handiagoa, orduan % 2,07koa izan baitzen.

Barneko I+G jarduerak 20.804 pertsonari eman die enplegua, dedikazio osoaren baliokidetzan, 2021ean; % 6,6 egin du gora aurreko urtearen aldean. Era berean, ikertzaileetan, 14.367 pertsona dedikazio osoaren baliokidetzan; % 5,4 areagotu da, halaber.

Lurralde-xehetasunari dagokionez, egiaztatu da erkidegoko barneko I+Gko gastu osoaren % 46,9, 2021ean, Bizkaian egin dela; % 42,7, Gipuzkoan, eta % 10,5, Araban. Lurralde bakoitzeko BPGd-ari dagokionez, esan behar da gastu hori Gipuzkoako BPGd-aren % 2,69 dela; % 1,95ekoa, Bizkaiaren kasuan, eta % 1,40koa, Arabaren kasuan.

Barneko I+Gko gastua exekutatzen duen sektoreari dagokionez, gehiena, % 77,4 (1.275,2 milioi euro), enpresek egin dute; % 16,2 (267,1 milioi), goi-mailako irakaskuntzak, eta gainerako % 6,4a (104,7 milioi), administrazioaren mendeko zenbait erakundek. 2020arekin alderatuta, enpresek % 11,6 areagotu dute I+Gko gastua; administrazioaren mendeko erakundeek, % 18,6, eta goi-mailako irakaskuntzak, % 3,2.

Enpresek ikerketan 2020an baino % 14,8 gehiago inbertitu dute

Barneko I+Gko gastua exekutatzen duten sektoreen banaketa nahiko egonkor mantentzen ari da azken urteotan. Aurreko urtearen aldean, hiru sektoreetako bik, enpresek eta administrazio publikoak, barneko I+Gko gastu osoko partaidetzan % 0,7ko eta % 0,4ko hazkuntza izan dute, hurrenez hurren, eta goi-mailako irakaskuntzak, % 1,1eko beherakada.

Barneko I+Gko gastuaren finantzaketaren ikuspegitik, Enpresek ikerketara 933 milioi euro bideratu dituzte, 2020an baino % 14,8 gehiago; alegia, finantzaketa osoaren % 56,7. Hala, finantzatutako kopuru osoko partaidetzak gora egin du % 2,1, aurreko urtearekin alderatuta, eta lehen finantzaketa-iturria izaten jarraitzen du. Finantzaketa publikoak, bestalde, 541 milioiko ekarpena egin du, eta % 6,2 egin du gora, aurreko urtearekin alderatuta; barneko I+Gko gastu osoaren % 32,9 da. Igoera handia izan badu ere, presentzia % 1,3 jaitsi da.

Gainerako funtsen jatorria honako hau da: goi-mailako irakaskuntzaren sektorea (34,2 milioi), irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak (7,5 milioi) eta atzerria (130,9 milioi). Ekarpen horiek honako aldakuntza hauek dakartzate, aurreko urtearekin alderatuta: % 0,8, –% 2,6 eta % 4,0, hurrenez hurren.

Euskal administrazioak, ekarpen nagusia

Finantzaketa publikoaren jatorriari dagokionez, administrazio autonomoaren ekarpena nagusitzen da (433,4 milioi), zeina % 5,3 hazi baita aurreko urtearen aldean eta administrazio publikoak 2021ean finantzatutako kopuru osoaren % 80,1 baita. Bestalde, administrazio zentralak (87,3 milioi) % 16,9 handitu du finantzaketa aurten, eta % 16,1eko parte-hartzea du administrazio publikoek finantzatutako kopuru osoan. Azkenik, aldundiek eta tokiko administrazioek (20,6 milioi) % 3,8ko parte-hartzea izan dute, baina ekarpena % 11,6 jaitsi dute, aurreko urtearekin alderatuta.

Dedikazio osoan 20.804 enplegatu izan dira. Exekuzio-sektoreen arabera: 14.887 pertsona, enpresetakoak (guztizkoaren % 71,6); 4.622, goi-mailako irakaskuntzakoak (% 22,2), eta 1.295, administrazio publikokoak (% 6,2). Lanbide-kategoriari dagokionez, ikertzaileak 14.367 dira, eta % 5,4 egin dute gora; 4.972 langile teknikoak dira, eta % 9,6 egin dute gora, eta, azkenik, 1.466 laguntza-langile dira, urtebete lehenago baino % 8,9 gehiago.

2021ean, dedikazio osoko I+Gko pertsonalaren % 36,2 emakumea da. Alegia, % 5,7ko igoera izan da, 2020. urtean I+Gan jardun zuten emakumeen kopuruaren aldean; 7.534 emakume dira, guztira. Nahiz eta pertsonal kopuru osoan duen pisuak hiru hamarren egin duen behera, denborazko ikuspegi zabalagotik, pisuak ehuneko 3,1 puntu egin du gora, 2010arekin alderatuta, eta ehuneko 4,8 puntu, 2005arekin alderatuta.

I+Garen exekuzio-sektorea kontuan hartuta ikusten da enpresen sektorean eta goi-mailako irakaskuntzaren sektorean dela emakumeen presentzia esanguratsuagoa, kantitateari dagokionez: 4.531 eta 2.260 emakume, hurrenez hurren, eta 743 emakume administrazio publikoaren sektorean. Hala ere, termino erlatiboetan, administrazio publikoan emakumeak pertsonal osoaren % 57,3 dira; goi-mailako irakaskuntzan, % 48,9, eta enpresen sektorean, % 30,4.