BIC Bizkaia Ezkerraldeak Casual Friday Meeting-aren edizio berri bat hartuko du datorren azaroaren 25ean. Oraingoan, ‘Intraekintzailetza Euskadin: tresnak eta kasu arrakastatsuak’ izango du hizpide.

Topaketa goizeko bederatzi eta erdietatik aurrera izango da Barakaldoko Ilgner eraikinean. Joseba Goikouria BIC Bizkaia Ezkerraldeko zuzendari gerenteak emango dio hasiera jardunaldiari, eta, ondoren, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendariak Euskadiko barne-ekintzailetzarako tresnen berri emango du.

Era berean, Jorge Galán, Eurotubos del Norteko gerentea (Skid, hodien aurrefabrikazioa, presiozko ontziak eta soldadura berezia egiten dituen enpresa), eta José Manuel Baraibar, Viuda de Sainz eraikuntza enpresako zuzendari teknikoa eta I+G+Bko arduraduna izango dira hizlariak. Biek euren enpresen kasuak “arrakastaren adibide gisa” azalduko dituzte, BIC Bizkaia Ezkerraldeak azaldu duenez.

Ondoren, hizlari guztiak mahai-inguru batean bilduko dira, Leyre Madariaga moderatzaile dutela, ideiak partekatzeko eta Euskadiko barne-ekintzailetzari buruz eztabaidatzeko. Jardunaldiaren ondoren, ‘networking’ erako tartea zabalduko da.

Casual Friday Meeting-en edizio berri honetan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena posta elektronikoz edo telefonoz.

Egilea Andoni Beitia