Espainiako kontsumitzaileen % 57k freskoen erosketa-bolumena murriztu du prezioen gorakadagatik, Aecoc Shopperview fabrikatzaile eta banatzaileen elkarteak egindako Produktu freskoen eroslea txostenaren datuen arabera. Zehazki, egungo inflazioak produktu freskoen erosketan eragiten dituen portaera-aldaketak ere azpimarratzen ditu txostenak; izan ere, kontsumitzaileen % 77k ohiturak aldatu dituela baieztatzen du, eta % 62k eskaintza eta sustapen gehiago bilatzen dituela ziurtatzen du.

Horrela, aurrezkia bilatzean, produktu gutxiago erosteaz gain, % 33k aitortu du lehentasuna ematen diola solteko edo mozteko erosketari.

Bada kontsumitzaile-talde bat ohiturak aldatu ez dituena eta inflazioaren eragina bere gain hartzen duena. Fruta eta barazkien hamar erosletik bi erosketa-saskiari eusten ari dira, eta haragi eta arrain freskoaren kontsumitzaileen % 16 ere gehiago gastatzen ari dira produktu horietan.

Datorren Gabonetako kanpainari dagokionez, inkestak erakusten du prezioaren faktoreak portaera baldintzatuko duela, eta hiru kontsumitzailetik bik haragiaren edo arrainaren erosketak aurreratuko dituztela, eskaintzak eta prezio hobeak aprobetxatzeko. Txostenak erakusten duen beste joera bat da premium produktuen kontsumoa data horietan. Hala, hamar kontsumitzailetik lauk onartzen dute haragiaren eta arrainaren erosketa-bolumena murriztuko dutela, baina, trukean, erdiek kalitate handiagoko haragi-produktuak erosiko dituzte, eta % 40k gauza bera egingo dute arrainarekin.

Komenigarritasuna beste faktore garrantzitsu bat izango da Gabonetako erosketa-portaeran, eta kontsumitzaileen % 35ek plater prestatuak erosteko asmoa dute, batez ere haragizkoak, sukaldatu beharrik ez izateko. Ikerketak erakusten du freskoen kontsumitzaileentzat itxura eta prezioa direla arrazoi garrantzitsuenak.

Egilea Andoni Beitia