Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien % 1,5eko igoera gehigarria onartu du astearte honetan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Jaurlaritzak zehaztu duenez, igoera horrek, aurretik onartutako % 2ko igoerarekin batera, % 3,5eko igoera egiten du 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du prezioen igoerari aurre egiteko aplikatzen den neurria dela.
Behin-behineko langileen ordainsariak % 3,5 igoko dira 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, antzinatasunagatik legozkiekeen ordainsariei kalterik egin gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, haren erakunde autonomoetako eta Osakidetzako lan-kontratuko langileen ordainsariak ere ehuneko horretan igoko dira.