INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitaratu berri duen azken inkestako datuen arabera 149.900 langabeturekin amaitu da 2020a. Aurreko urtean baino 17.500 langabe gehiago dira horiek. Hala, 2020ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera Euskal Herriko langabezia tasa %10,03koa da, aurreko hiruhilekoaren parekoa (-0,02). EUSTATen arabera, ordea, langabezia tasa igo egin da(+1,05) eta %10,86an kokatzen da.

Azken hiruhilekoko datuek Euskal Herriko langabezia tasa 2020urtean %9,41an finkatzen dute INEren arabera, eta, %10,06an EUSTATen arabera. Langabetuen kopuruak gora egin du biztanleria aktiboak behera egin duen bitartean (-18.000). Azken hiruhilekoan langabezia tasak joera desberdinak izan ditu lurraldearen arabera. INEren datuei jarraiki, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabezia tasak gora egin du Araban(+2,0) eta Nafarroa Garaian (+1,7)nabarmenki, eta, modu apalagoan, Bizkaian (+0,1). Gipuzkoan langabezia tasaren jaitsiera garrantzitsua adierazi du INEk (-2,2), baina EUSTATeko datuek kontrako joera marrazten dute lurralde horretan (+2,5).

Azken hiruhilekoan INEko datuek Euskal A.E.ko biztanleria aktiboa eta langabetuen kopurua, hala nola langabezia tasa, apaldu egin direla aditzera ematen dute. EUSTATek, ostera, kontrakoa dio: biztanleria aktiboak (+29.400) eta langabetu kopuruak (+15.000) nabarmen egin duela gora eta langabezia tasa 1,2 puntu hazi dela , hain zuzen ere. Ipar Euskal Herriko langabezia tasa %7,25ekoa da behin behineko datuen arabera, eta urteko azken hiruhilekoan0,7puntu apaldu da.

Denboran aurrera egin ahala datu hori berrikusi egin beharko da, besteak beste, osasun larrialdiaren testuinguruan udako sasoian lan egin asmoz ohikoak diren migrazio fluxuak xeheago aztertzeko. Gainera, 2020 urtean Ipar Euskal Herrian enplegu zonalde berriak indarrean dira eta oraindik iturri guztiek ez dituzte horien araberako datuak eskaintzen.

Laburrean, 2020 urtea ezohiko urtea izan da lan merkatuari dagokionez: azken sei urteko langabezia tasaren apaltze joerari amaiera eman dio. Joera aldaketarako urtea izan da eta egoera langabezia datuek erakusten dutena baino konplexuagoa da. Izan ere, urtean zehar Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetan (ABEEE) kalteturiko milaka langile landun gisa zenbatu dira.

Goiz da osasun larrialdiaren albo ondorioak kuantifikatzeko, baina osasun larrialdia mantendu bitartean ziurgabetasunak kontuan hartzekoa izaten jarraituko du. Joera aldaketa Europa osoan hedatu da. 2020 amaieran langabezia tasa urtebete lehenago baino nabarmen handiagoa da herrialde gehienetan. Europar Batasunean (EB27), esaterako, igoera hori puntu batekoa da. Euskal Herrian, ordea, igoera +1,2 (INE) edo+1,7koa (EUSTAT) izan da, estatistika erakunde bakoitzaren arabera. Urte amaieran soilik Espainiak (%16,1), Greziak (%15,8) eta Kataluniak (%13,9) dute Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa.

Egilea Admin