Foru Aldundiak 1.238.500 euro bideratu ditu aurten Gipuzkoako pertsona eta ekimen ekintzaileei laguntzeko. Enpresak sortzeko eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren eskutik egin du.

Programa horren barruan sartzen dira enpresa-proiektuei laguntzea enpresa sortzeko prozesuan, emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzea, eta oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko konpainiak sortzea. Deialdi honen bidez, 320 enpresa-proiektu sortzen lagundu da, horietatik 160 emakumeek sustatutakoak, eta 49 startup edo oinarri teknologikoko enpresak.

Aldundiak arreta berezia jarri du, batetik, enpresen barne-ekintzailetza indartzeko, eta, bestetik, ekintzailetza aurreratua bultzatzeko, bereziki Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin eta Etorkizuna Eraikizekin bat datozen eremuetan. «Bi lan-ildo horiek funtsezkoak dira ETEen lehiakortasuna indartzeko, bereziki industrialak, negozio-aukera berriak sortuz, eta baita gure ehun ekonomikoa dibertsifikatzeko eta eraldatzeko ere, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuz, hala nola mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan», azaldu du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.

Hain zuzen ere, Txekintek (oinarri teknologikoko enpresak) eta Barnetekin (barne-ekintzailetza) lineak dira zuzkidura handiena dutenak; guztira, 871.000 euro eta 32 eta 17 enpresa-proiektu lagundu dira, hurrenez hurren. Sektore-eremuei dagokienez, ekimen gehienak industriari, eraldaketa digitalari edo biozientziei eta medikuntza pertsonalizatuari lotuta daude, funtsezko arloak baitira etorkizuneko ekonomiaren eraikuntzan. Proiektu horiek 391 ekimen sortzea ekarriko dute datozen hiru urteetan.

Zerbitzuen sektorearen prebalentzia

Azpimarratzekoa da, halaber, Emekin programa. Programa horretara 245.000 euro bideratu dira, eta aurten emakumeek sustatutako 160 negozio sortzen lagunduko da, 240 lanpostu berrirekin, banakako bideragarritasun-planen bidez. Gainera, aurreko urteetan sortutako hainbat proiektuk laguntza eta monitorizazioa jasotzen dute: 2022an 171 izango dira, eta horrek 200 lanpostu sendotzea ekarriko du. 2007tik, Emekinen eskutik, emakumeek martxan jarritako 1.600 negozio baino gehiago sortzea bultzatu da, eta 2.600 ekintzaile baino gehiagori eman zaie arreta.

Gainera, Aldundiak hainbat pizgarri fiskal eskaintzen dizkie ekintzailetzaren alde egiten duten pertsona fisiko eta juridikoei, bai PFEZean, bai Sozietateen gaineko Zergan. Beti defendatzen dugu ekonomia indartsua dela gure ongizatearen, orainaren eta etorkizunaren oinarria. Eta dinamismo ekintzailea da ekonomia lehiakorrak eta kalitatezko enplegua sortzeko gai denak ezaugarritu behar duen ezaugarrietako bat. Horregatik jarraitu behar dugu kultura ekintzailea sustatzen eta aurrera egiten duten eta proiektu berriak martxan jartzen dituzten pertsona eta enpresei laguntzen, aktibo handia direlako, amaitu du Larrañagak.

Egilea Andoni Beitia