Enplegu eta Gizarteratze sailburuorde Alfonso Gurpeguik Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) igotzeko beharra defendatu du, “gizarte-kohesioa” sortzen duelako eta “enpresen lehiakortasunean eraginik ez duelako”.
Cadena Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Gurpeguik zalantzan jarri du sindikatuek soldatak inflazioarekin lotzeko egindako erreklamazioa. Ildo horretan, ohartarazi du Lan eta Enplegu Sailak beti defendatu duela negoziazio kolektiboa.
“Negoziazio kolektiboa da negoziazio-esparrua. Esan dugu, halaber, krisiaren kostua ezin zaiela langileei bakarrik egotzi. Hortik aurrera, sektore eta enpresa bakoitzak egoera jakin batzuk ditu, eta negoziazio kolektiboaren esparruan konpondu behar da “, gaineratu du.
Halaber, gogorarazi duenez, “sindikatuen jarrera ere desberdina da”; izan ere, batzuek “negoziaziorako joera handiagoa dute” eta beste batzuek “konfrontazio handiagoko” estrategia erabiltzen dute.
Era berean, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak DSBEaren zenbatekoa handituko duela, eta uste du LGSa ere handitu egin behar dela. “Gizarte-kohesio handiagoa eta desberdintasun txikiagoa eragiten duten neurriak dira, eta ez dute inolako eraginik lan-merkatuaren kalitatean, ezta enpresen lehiakortasunean ere”, argudiatu du.
Azkenik, azpimarratu du Gizarte Segurantzako afiliazio-kopuruak “marka guztiak” hausten ari direla, “kontratu mugagabeen kopuruak bezala”. “Lan-merkatuak nolabaiteko indarra du, ziurgabetasunak gorabehera”, adierazi du.