Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak erabaki du 3,3 milioi euro bideratzea 2022ra arte, garapen jasangarrirako ekintzak burutzeko udalen eta toki erakundeen 163 proiektu laguntzeko. Proiektuok lehentasuneko bost jardun eremutan gauzatuko dira: klima ekintza, ekonomia zirkularra, lurzoru kutsatuak, natur ondarea eta jasangarritasunaren aldeko hezkuntza.

Jaurlaritzatik jakitera eman dutenez, udalek, mankomunitateek, tokiko garapen agentziek eta beste toki erakunde batzuek garatuko dituzte proiektuak: 67 Gipuzkoan egingo dira, 64 Bizkaian eta 32 Araban. Guztira, 115 erakunde onuradun dira, eta horietatik 17k lehen aldiz parte hartu dute programa honetan dirulaguntza eskatuz. Laguntzen guztizko kopurua pixka bat handitu da aurreko urtearen aldean.

Klima ekintzaren ildoan, diruz lagundutako proiektuekin 7.900 tona CO2 murriztea lortuko da, eta 22.300 tona CO2 atzematea, 39 lur hektarea baino gehiago landatzeari eta basoberritzeari esker. Halaber, zazpi kilometroko bidegorria eta 403 aparkaleku egitea aurreikusi da, udalerrien barruko trafikoa eragozteko, eta bost ibilgailu elektriko berri erostea udalentzat.

Era berean, 19 udalerrik klima aldaketa arintzeko eta hari egokitzeko planak egingo dituzte, eta neurriak abiatuko dituzte lurraldearen erresilientzia handituz klimaren inpaktu negatiboei aurre egiteko. Aurten, gainera, karbono hustubideei lotutako beste lerro bat garatu da, karbono bidezko neutraltasun helburu markatuak lortzeko ezinbestekoa dena.

Bestalde, ekonomia zirkularraren proiektuen bidez, gaikako bilketa handitu eta errefus hondakinen sorrera murriztu nahi da: aurreikusi da urtean 7.260 tona errefus hondakin gutxiago biltzea eta 5.790 tona artekoa izatea biohondakinen gaikako bilketa hondakin organikoei dagokienez.

Dirulaguntza jaso duten beste jarduketa batzuek helburu hauek dituzte: konposterako 19 instalaziotan kontrol analitikoak garatzea konpostatutako materialen kalitatea zehazteko; udalerrien garbiketa zerbitzuetarako 400 metro kubo arte ur berrerabiltzea; ia 1.560 enpresatan prestakuntza ekintzak egitea; hondakinen arloko bi ordenantza fiskal lantzea ekonomia zirkularraren irizpideen arabera; zuntz zementuaren inbentarioa egitea; eta udalerrietan ekonomia zirkularrarekin lotuta etorkizunean egin beharreko jarduketak diseinatzeko azterlan bat egitea.

LURZORU KUTSATUAK

Halaber, lurzoru kutsatuei dagokienez, diruz lagundutako jarduketak bideratuta dira 60.500 metro koadrotik gorako azalera aztertzera, 74.100 metro koadroko azalera globala osatzen duten guneak berreskuratzera, eta lurren 85.640 metro koadrori ingurumen jarraipena eta kontrola egitera.

Gainera, natur ondarearen lerroaren proiektuek sustatuko dute intereseko habitaten 84 hektarea baino gehiago kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea, baita ingurumena berreskuratzeko jarduketak egingo diren 11,6 hektareako lurrak erostea ere, eta Natura 2000 Sareko 102 hektareatan jardutea.

Ekintza horietako asko ahulak diren fauna taldeei zuzenduta daude -esaterako, kiropteroei edo anfibioei-, 15 hezegune hobetuz eta leheneratuz, eta ehun babes natural nahiz artifizial baino gehiago antolatuz eta egokituz.

Ibaiek eta ibaiertzek ere pisu handia dute. Diruz lagundutako proiektuek landaredia biziberritzen eta hondakin solidoak garbitzen lagunduko dute Urola, Oria eta Arakil ibaietako ibai ibilguetako 12 kilometro baino gehiagotan.

Azkenik, jasangarritasunaren aldeko hezkuntzaren ildoa 76 udalekin eta 319 ikastetxerekin lankidetzan aritzen da, eta 173.700 ikasle baino gehiago inplikatzen ditu eremu desberdinetan, hala nola klima aldaketan, elikadura jasangarrian, plastikoaren erabileraren murrizketan, ekonomia zirkularrean eta hondakinetan.

Egilea Admin