BBK-k eta Lehiaren Euskal Agintaritzak antolatutako ‘Merkataritzaren eraldaketa digitala’ topaketa izan da ostegun honetan, Bilboko BBK Salan, Europako Batzordearen ‘EU Industry Week 2021’ ekimenaren baitan, eta, besteak beste, parte hartzaileek ondorioztatu dute eraldaketa digitalik gabe tokioko merkataritzak ez duela etorkizunik, eta eraldaketa hori “premiazkoa” dela.
Antolatzaileek jakinarazui dutenez, ekimena bertatik bertara edo ‘streaming’ bidez jarraitu ahal izan dute Bizkaian dauden sektoreko eragile nagusiek eta tokiko ehunka merkatarik. Jardunaldian, merkataritzaren digitalizazio arloan dauden aukeren eta beharrizanen tokiko ikuspegia eskaini da, eta digitalizazio prozesuak merkataritzan dituen inplikazioak berrikusi dira, baita sareko merkataritza eskariaren zati handi bat plataforma gutxi batzuek berenganatzeak lehia askerako dituen ondorioak ere.
“Eraldaketa digitala erronka handia da bertoko merkataritzarentzat, eta, hori gabe, hurbileko merkataritzak ez du etorkizunik”, esan dute Internet bidez zuzenean emandako saioan.
Martin Peitz Mannheimeko (Alemania) Unibertsitateko Ekonomia irakasleak ohartarazi du plataforma digital handiek gero eta eragin handiagoa dutela, eta merkatari txikiei euren produktuak plataforma horietan sartzeak dakarren “kostu etekinaren azterketa zehatza” egiteko aholkatu die, askotan “merkatu botereaz abusatu” egiten dute eta.
Bestalde, Manuel Balsera AMC Networks ISEko zuzendari nagusiak adierazi duenez, erronka nagusia negozio txiki baten eraldaketa digitala egiteko oinarrizko elementuak ezagutzea da, “inbertsio gutxirekin eta ordenarekin, pertsonalizazio, prezio, gogobetetze, sare sozial, kudeaketa sistema eta datuei” dagokienez, horiek guztiak baitira berarentzat kontuan hartu beharreko elementuak, nahiz eta “elementu nagusia jarduera berrasmatzea izango litzatekeen, kontsumitzaile berriak barne hartzeko ohikoez gain”.
Halaber, Enrique de Aresti legelari eta Europako Batzordeko Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusiko arduradunak, Europako lege esparrua eta digitalizazioaren bidez enpresen lehiakortasuna handitzeko Bruselatik abian jarritako ekimenak azaldu ditu, bai eta Google, Amazon edo Booking moduko plataforma digital handiei ezarritako ekintzak eta zigorrak edo irekitako espedienteak ere.
ADIBIDEAK
Jardunaldiaren bigarren mahaian egokitzapen digitalaren adibideak aurkeztu dira. Bizkaian tokiko edo bertoko merkataritzaren digitalizazioari bultzada eman nahi dioten ekimenen artean, Marketplace Bizkaia Eup! lurralde plataforma sortu berria aipatu dute. BBK-k eta Bizkaiko Aldundiak duela aste batzuk aurkeztutako proiektua da, lurraldeko saltoki guztiei erakusleiho digital bat eskaintzeko eta produktuen salmenta bultzatzeko sortua.
Ekimenaren gerentea den Susana Agirrerekin, mahaian izan dira Arantza Atutxa Gerediaga Elkarteko gerentea eta Miguel Iglesias. Bizkaian sortutako sareko salmentako bi esperientzia arrakastatsuren inguruko xehetasunak eman dituzte Atutxak eta Iglesiasek: iazko Durangoko Azoka eta todostuslibros.com plataforma, hurrenez hurren.
BBK-k eta Lehiaren Euskal Agintaritzak antolatu dute jardunaldia, eta Bizkaiko Aldundiaren babesa izan du. Hiru erakundeen ordezkari bezala, Nora Sarasola BBK Fundazioaren Gizarte Ekintzako zuzendaria, Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakaria eta Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua izan dira bertan, eta sareko merkataritzak mundu eta toki mailan bizi duen unea testuinguruan jarri dute, baita horren inguruan dauden aukerak eta mehatxuak ere. Enara Venturini Lehiaren Euskal Agintaritzako Kontseiluko kideak amaitu du topaketa.