Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Tubacexek 150 langile kaleratuko ditu Laudion eta Amurrion

Tubacexeko enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) eta behin behineko EEE berriaren lehen negoziazio-bilera eman da, eta 150 kaleratze egongo direla (langileen % 18,75a) baieztatu dute.

Negoziazio-prozesuak hilabete iraungo du, eta enplegu-erregulazioko espedienteari eta behin behineko EEEari ekingo zaie, lan-taldeko 800 langile baino gehiagori eragingo diena. Enpresak argudiatu duenez, enplegu-erregulazioko espedienteak “arazo estrukturalak” arintzeko balioko du, bere produktuen sektore nagusiaren (petrolioa eta gasa) “krisi larria” dela eta. 2015az geroztik, jarduera % 50 baino gehiago jaitsi da sektorean, eta ez da espero urte horren aurreko mailak berreskuratzea, “trantsizio energetikoaren azkartzea eta beste energia-iturri batzuen aldeko apustu garbia direla eta”. Bestalde, behin behineko EEEak, koronabirusak Tubacexen bezeroengan eragiten ari den ondorioak arintzeko balioko du, azken hilabeteetan eskarien zorroa “izugarri” jaitsi baita.

Hori dela eta, horrelako neurriak aho batez baztertzen jarraitzen dutela azpimarratu ondoren, ELAk “kaleratzeak bertan behera uzteko helburuarekin” bileratara bertaratuko direla adierazi du. Krisi koiuntural baten aurrean daudela ziurtatu dute; ondorioz, behin behineko neurriak soilik eskatzen dituztela azpimarratu du. Era berean, sindikatu horren arabera, “oraingoan Tubacex ez da konformatzen lan-baldintzetan murrizketak planteatzearekin, baizik eta langileak kaleratzearekin, inguruko familiak egoera dramatikoetara bultzatuz”.

Horretarako, mobilizazioen egutegia indartu dute, eta ostegun eta ostiral honetarako iragarrita dauden 24 orduko greben deialdiari, beste bi ekintza gehitu zaizkie. Otsailaren 11an 18:00etan Laudioko sarreratik abiatuko da manifestazio bat eta ostiralean 10:00etan kaltetutako bi lantegietako ateetatik aterako den auto karabana bat gehituko zaio.

Enplegu-erregulazioko espedienteko langileen kopuru zehatza baieztatu izanak lehen erreakzio politikoak ekarri ditu. Egoera larri horren aurrean, EAJk Aialan zituen ordezkari nagusiak izan ziren “kezka handia” erakutsi zutenak eta kaltetutako langileei eta haien familiei “ahalik eta babes eta elkartasun handiena” berretsi zietenak. Aldi berean, enpresari eta ordezkaritza sindikalari eskatu zieten “elkarrizketa sozialetik lan handia egiteko, egoera zail honen aurrean ahalik eta akordiorik onena bilatzeko, eta horretarako irtenbiderik onenak lehenetsi zituzten.