Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Gobernu Kontseiluaren bilera egin zuen Bizkaia Aretoan, Bilbon, Eva Ferreira errektore berria buru izan duen lehena, eta, besteak beste, 2021eko ekitaldiko aurrekontu proiektua aurkeztu da bertan, 437,37 milioi eurokoa.
Iazko ekitaldian, EHUk 428,22 milioi euroko aurrekontua izan zuen. Beraz, egungo ekitaldirako zenbatekoa %2,14 igo da. Aurreproiektuaren igoerarik nabarmenena Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriak eragindakoa da, Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen ondoan egingo diren lanen aurrekontu sailari dagokiona, aurten lau milioi eurokoa baita.
Aurkezpenaren ondoren, martxoaren 4tik 11ra bitarteko epea izango da aurrekontuen aurreproiektuari zuzenketak aurkezteko. Ostean, dokumentua berriz ere Gobernu Kontseilura eramango da, martxoaren 18an, eta Gobernu Kontseiluak onartuz gero, EHUko Gizarte Kontseiluari bidaliko zaio, behin betiko onar dezan.
Eva Ferreira errektorea buru dela egindako lehen bileran, Gobernu Kontseiluko kideen laurdena ere berritu da. Izan ere, errektoretza talde berriko hamar kidek Nekane Balluerka aurreko errektorearen lantaldeko kideak ordezkatu dituzte.
Ferreirak aukera baliatu du aurreko errektoretza taldeari eskerrak emateko agintaldian egindako lanagatik: “Oso harro nago gure unibertsitate publikoko errektore izateaz, baina umiltasunez hartzen dut kargua. Izan ere, kargu publiko bat eskuratzea ez da pribilegio bat eskuratzea; kargu publiko bat eskuratzea gizarteari zerbitzua emateko ekintza batean konpromisoa hartzea da”.
EHUko Gobernu Kontseiluak unibertsitate publikoaren politika orokorraren jarraibideak ezarri eta garatzen ditu, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du. Kontseiluak 47 kide ditu: idazkari nagusia; gerentea; zortzi errektoreorde; Unibertsitateko Klaustroak hautatutako 20 kide. Horiez gain, kontseiluko kide dira fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendarien zazpi ordezkari, Unibertsitateko Klaustroak hautatutakoak (horietako lau Bizkaiko campusekoak, bi Gipuzkoakoak eta bat Arabakoa); sail, institutu eta doktorego eskolen zazpi ordezkari, Klaustroko arautegiak zehazten duen erara banatuak eta arautegi horretan zehaztutakoarekin bat, Klaustroak berak aukeratuak. Unibertsitateko kideak ez diren Gizarte Kontseiluko bi kide ere badira.