Azazeta eta Labranza parke eolikoek 470 lanpostu sortuko dituzte Euskadin. Aixeindarren arabera (Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak Euskadin energia berriztagarrien garapena bultzatzeko eratutako sozietatea), proiektu horiek behin betiko bultzada emango diote Euskadin energia berdea sortzeko apustuari, Trantsizio Energetikoaren helburuetan aurrera egiteko. Araban kokatuta dauden parke eoliko horiek 160 megawatteko (MW) potentzia izango dute, 169 milioi euroko inbertsioarekin, eta tokiko ekonomia eta enplegua suspertzen lagunduko dute.

Arabako lurraldean proiektatutako bi azpiegituretako lehena, Labrazakoa, 2024. urtearen amaierarako egotea espero da, eta bigarrena, Azazetakoa, 2025ean egitea aurreikusten da. Aixeindarrek azpimarratu zuenez, 40 MVko potentzia duten instalazio berriztagarri horiek “2006. urtetik Euskadin martxan jarriko diren energia % 100 berdea sortuko duten lehen instalazio eolikoak izango dira”. Behin martxan jarrita, proiektuek 107.000 etxebizitzatarako energia garbia sortuko dute, eta urtean 50.000 tona CO2 baino gehiago atmosferara isurtzea saihestuko dute.

Labrazako parke eolikoak, Oion udalerrian kokatua, zortzi haize-sorgailu aurreikusten ditu eta 40 MW sortzeko gaitasuna izango du. Bestalde, Azazetako parke eolikoa, Alegría-Dulantzi, Iruraiz Gauna, Donemiliaga, Arraia Maeztu eta Bernedo udalerrietan egongo da.

Instalazio mistoa
Aixeindarrek hirugarren proiektu bat aurreikusten du: Laminoria, Euskadiko lehen instalazio misto eoliko eta fotovoltaikoa eraikitzea Laminoria Haranean. Proiektu honek 40 MW-ko parke eolikoa eta 40 MW-ko planta fotovoltaikoa ditu. Laminoriak, gainera, harrobia birsortzea aurreikusten du, eta “horrek balioa ematen dio Aixeindarrek ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoari”.