Otsailean 2.017 auto matrikulatu ziren Euskadin, 2022ko hil berean baino % 9,1 gehiago. Beraz, urtarrilean hasitako joera positiboa berresten da, orduan % 16,4 ibilgailu gehiago saldu baitziren. Horrela, urteko lehen bi hilabeteetan EAEn matrikulazioen igoera % 12,1ekoa izan da, aurreko ekitaldiko zifra negatiboen aldean, salmenten jaitsiera % 11,2koa izan baitzen.

Otsailean Euskadin gehien saldu ziren turismoak elektrikoak, hibridoak eta hidrogenozkoak izan ziren, guztira 940 unitate matrikulatuta, % 22,5 gehiago. Gasolinako motordun 857 ibilgailu saldu ziren, % 5 gehiago, eta 220 diesel auto matrikulatu ziren, hau da, % 17 gutxiago.

Espainian, oro har, turismoen matrikulazioak % 19,2 hazi ziren otsailean, 74.001 unitateraino, neurri batean hornidura-katearen eta ibilgailuen produkzioaren hobekuntzaren ondorioz. Bigarren aldiz jarraian gora egin duen arren, maila horiek 2020ko otsailean (pandemiaren aurretik) erregistratutakoak baino % 22 beherago daude oraindik.