2023rako autonomia erkidegoen hazkunde aurreikuspenen arabera, Euskadik pandemiaren aurreko BPGren maila berreskuratuko du 2023an, eta % 1,4 haziko da, Estatuko batez bestekoaren gainetik. Gainera, langabezia-tasa % 7,9ra jaitsiko litzateke aurten.

Aurreikuspenen arabera, inflazioak familien erosteko ahalmenean duen eraginaren ondorioz, autonomia-erkidego guztiak desazeleratuko dira 2023an, ziurgabetasun globalaren eta interes-tasen igoeraren testuinguruan. Hala eta guztiz ere, eta 2022ko susperraldi handiaren ondoren, hamar autonomia-erkidegok pandemiaren aurreko BPG maila berreskuratuko dute aurten.

Precovid mailaren gainetik
Horrela, Andaluzia, Valentziako Erkidegoa, Madril, Euskadi eta Errioxa iaz mugarri hori lortu zuten bostei gehituko zaizkie –Aragoi, Gaztela-Mantxa, Galizia, Murtzia eta Nafarroa–. Bestalde, Asturias, Balearrak, Kanariak, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia eta Extremadura 2019an erregistratutako jarduera-mailaren azpitik egongo dira oraindik.

Bestalde, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo, astelehena, nabarmendu zuen oraindik ez dakitela “krisiaren okerrena igaro den ala ez”, baina EAEko BPGa % 4,4 hazi zela iaz, aurreikuspenen gainetik, eta azpimarratu zuen gaur egun koadro makroekonomikoaren berrikuspena egiten ari direla, eta ziur aski aurreikuspen horrek beheranzko eragina izango duela.