Azpitek programa 2021ean sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko Zentro Teknologiko Multifokalizatuei eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei (IKZ) azpiegitura zientifiko-teknologikoak eskuratzen laguntzeko, Euskadik zientziaren eta teknologiaren ikuspegitik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko. Programa horri esker, 51 azpiegitura zientifiko-teknologiko indartu dira dagoeneko.

Programa honen bidez 12,2 milioi euroko proiektuak diruz lagundu dira 2021ean, eta 13,8 milioi euro 2022an, hau da, 26 milioi euro RIS3 estrategietan, industria adimendunean, energia garbienetan edo osasun-proiektuetan banatuta. Aurten programak 5.625.000 euroko zuzkidura berria izango du.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak aurkeztu ditu emaitza horiek Azterlanen, eta bertan izan dira Basque Research & Technology Alliance, BRTA osatzen duten zentro teknologiko eta IKZ guztietako ordezkariak. Tapiak gogorarazi duenez, gure herrialdeko hiru inpaktu-trantsizioei aurre egiteko (teknologia-digitala, energetiko-klimatikoa eta gizarte- eta osasun-arlokoa), beharrezkoa da azpiegitura zientifiko-teknologiko bikainak izatea.

Azpiegitura zientifiko-teknologikoak (erakusleak, saiakuntza-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-lab-ak eta abar barne) I+G+b-ko ekosistemen eta berrikuntzan oinarritzen diren balio-kateen bizkarrezurra dira. Hala, AZ-Tek teknologiaren baterako garapena eta sorkuntza bultzatzen dute, kontzeptu-probatik eta laborategietan baliozkotzetik hasi eta industria-ingurunean egindako prototipoen erakustaldiraino, teknologia eskuratzea ziurtatzeko helburuarekin; horrek Euskadin duen eragin sozioekonomikoa kontuan hartuz.

Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira tamaina guztietako enpresentzat. AZ-Tek I+G+b arloko eragileekin lankidetzan aritzeko aukera ematen diete, balio erantsi handiko teknologia eta soluzioak garatzeko, fase guztietan laguntza eskainiz. Diseinutik hasi eta produktu, zerbitzu edo prozesu osoen azken probara arte, baldintza kontrolatutan, segurutan eta errealitatetik hurbil, bezeroen eta inbertitzaileen aurrean baliozkotzea barne hartuta.

Industria azpiegitura teknologikoen eskuragarritasunaren mende dago, teknologiak hobetzeko, garatzeko, baliozkotzeko eta prototipoak sortzeko, merkatuari irtenbide teknologiko berriak eskaini aurretik. Hala ere, AZ-Tek baliabide eta konpetentzia asko behar dituzte euren eraikuntzarako, kudeaketarako, funtzionamendurako eta mantentzea egiteko. Oso garestiak izaten dira, eta goi-mailako teknikariak behar izaten dituzte bertan aritzeko. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren AZ-T propioa izan.