Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak interes-tasak oinarrizko 50 puntu igotzea erabaki du, egingo zuela aurreratu zuen bezala. Horrela, bere birfinantzaketa-eragiketetarako interes-tasa % 3,50ekoa izango da, gordailu-tasa % 3koa eta mailegu-erraztasunarena % 3,75ekoa.

Ohar batean, institutu igorleak adierazi du inflazioak “denbora luzeegian” jarraituko duela izaten, eta azpimarratu du ziurgabetasun-maila handiak datuen mendeko ikuspegi baten garrantzia indartzen duela Gobernu Kontseiluak interes-tasei buruz hartzen dituen erabakietarako.

Diruaren prezioak seigarren aldiz jarraian gora egin du, eta 2008ko urritik izan duen mailarik altuenean kokatu da. Horrenbestez, EBZk bere moneta-politikaren normalizazioaren erritmoari eutsi dio, nahiz eta finantza-sektorean zurrunbiloak izan diren, joan den asteburuan Estatu Batuetan bi banketxek esku hartu ondoren eta Credit Suisseri buruzko zalantzak direla-eta Europako bankuak burtsan behera egin ondoren.

Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak adierazi du merkatuen egungo tentsioen jarraipena egiten ari dela, eta prest dagoela behar bezala erantzuteko, euroaren eremuko prezioen egonkortasunari eta finantza-egonkortasunari eusteko.