Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak turismoaren eta merkataritzaren arloko Next Generation funtsen kudeaketari buruz egindako legebiltzarrean azaldu duenez, Euskadik orain arte 85 milioi jaso ditu turismoaren eta merkataritzaren arloko Next Generation funtsetatik, eta horiei oraindik prozesuan dauden 2023ko deialdietakoak batuko zaizkie.
Turismoaren arloan, Euskadik gutxienez 75 milioi eskuratuko ditu Turismoaren Jasangarritasuneko Planen 3 deialditan. Turismoaren Jasangarritasuneko Plan horiei turismo-erabilerako ondare historikoa birgaitzeko eta mantentzeko programa batu behar zaie; Euskadiko kultura-intereseko 14 ondasunentzat 5,5 milioi izendatu dira, Xacobeo Plan Nazionalaren baitan. Eta, azkenik, turismoaren arloan, Euskadiko ostatu-establezimenduek energia-efizientziarako laguntzetan 3,9 milioi euroko laguntza jasotzeko aukera dute, eta horiek eskatzeko epea oraindik zabalik dago.
Merkataritzaren arloan hiri- eta landa-merkatu jasangarrietarako eta joan-etorri turistikoko merkataritza-guneetarako bi laguntza-programa deitu dira orain arte, eta Euskadiri 13 milioi euro eman dizkiote. Azkenik, Merkataritza modernizatzeko funts teknologikoak 4 milioi euro sartuko ditu Euskadiko merkataritzan bi deialditan.
Europako Funtsen kudeaketa gaitzesten dutenei erantzunez, sailburuak gogorarazi du Espainiako Gobernuak fase guztiak lideratu dituela. “Gure autonomia-erkidegoa lehenengoa izan da Turismoaren Jasangarritasuneko Planeko funtsak herri, eskualde eta eragileei transferitzen, seriotasunez eta eraginkortasunez ari baikara lanean lurralde-esparru guztietan, eta, horri esker, Euskadiko turismorako eta merkataritzarako funtsak errealitatea izatea lortu dugu” esan du amaitzeko.