2022ko maiatzean abiatu zen ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroa, elikadura sektoreko eta bere balio-kateko enpresek, lehiakortasuna hobetuz, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izatea ahalbidetuko duten egitasmoak sortzeko helburuarekin.

Lankidetzan oinarritu da horretarako, sektoreko eragileak saretu, sinergiak sortu eta proiektu iraunkorrak garatzeko elkarrekin. Lanketa horren ondorio izan zen, esaterako, azaroan estreinekoz ospatu zen ESNEKI, Euskal Herriko esneki eta gazta azoka arrakastatsua. Gozogintza osasungarri bat egiteko aukeren azterketa bat garatu da, eta profesionalen topaketa batean eman ziren ezagutara ikerketarekin ateratako ondorioak.

Asmo berriak ditu ELIKERek 2023rako, izan ere, baserritar, ekoizle, industria-jarduera eta eragile gastronomikoekin elkarlanean landutako bost lankidetza-proiektu gauzatuko dira aurten: horietako hiru dagoeneko martxan daude, eta beste biak aurki abiatuko dira. Horretaz gain, beste bi lan-ildotan ere sakonduko du ELIKERek. Alde batetik, belaunaldi gazteen heziketa sustatuko du, elikadura osasuntsu eta jasangarri baterantz, bertako produktuen kontsumoa indartzeko. Horrela, formazio saio eta ekintza pedagogiko hainbat egingo dira, adin-tarte ezberdinei bideratuta.