eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak milioi bat euroko igoera aurrekontuan onartu du. Hala, eLankidetzak 51.725.598 euro izango ditu guztira. Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Kontseiluaren buru izan da. Bertan, Euskadiren espiritu solidarioa nabarmendu du eta Eusko Jaurlaritzaren babesa adierazi die “munduko biztanleria zaurgarrienei, egungo krisi globalek gehien kaltetutakoak; larrialdi klimatikoa, erregaien krisia, elikagai falta edo gatazkak”.

Gaur egun, munduan, bost urtetik beherako 45 milioi haurrek desnutrizio akutua dute; 274 milioi pertsonak babesa eta laguntza humanitarioa behar dute 63 herrialdetan, eta elikagaiak eskuratzeko aukerarik ez dute pertsonen kopurua laukoiztu egin da azken 5 urteetan; 80 milioitik 350 milioira pasatuz.

Eusko Jaurlaritzak lehentasuna ematen die 2030 Agendari eta haren Garapen Jasangarrirako 17 helburuei, toki-mailan zein mundu osoan eraldaketa eta elkartasun erronkei aurre egiteko. Igoera horrekin, Euskadik aurrera jarraitu nahi du 17. helburuak ezarritako jomugetarantz, Hegoko herrialdeen garapenerako baliabideak bideratzea ezartzen baitu.  

Lankidetzarako laguntza eta laguntza humanitarioa 
eLankidetzako garapenerako lankidetzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia Eusko Jaurlaritzak arlo horretan duen politika publikoen jarduera ardatz nagusietako bat da. Deialdia urtero egiten da, eta bideratua dago Hegoko herrialdeetan pobreziaren aurka borrokatzera, pertsonen bizitzak hobetzera eta justizia sozialera, baita Euskadin egiten diren sentsibilizatzeko ekimenetara ere.